Gizaburua trikuharriaren indusketa
Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko eta balioan jartzeko 2017ko lan-plangintzan jaso bezala, Aranzadi Zientzia Elkarteak hurrengo astelehenean, hilaren 12an Gizaburua tumuluaren indusketa eta berrinterpretatze lanei emango die hasiera.
Ikerketaren helburua Gizaburuako tumuluaren egitura arkitektonikoa eta bere baitan duen edukia ezagutzea da, ondoren, hori guztia balioan jartzeko.
2016an egindako indusketek informazio baliagarria lortzea ahalbidetu zuten. Aranzadi Zientzia Elkarteak dioenez, ordura arte ez zekiten Gizaburua elementua trikuharri bat zenik. Tumulu soil bat bezala zegoen katalogatuta: jakina zen hilobi bat estaltzeko erabili ohi zen harri-multzoa zela, baina ez zen ezagutzen zein hilobi-mota gordetzen zuen azpian. Iaz, hilobiaren ganbara aurkitu zuten Aranzadiko kideek. Hala, trikuharria zela baieztatu ez ezik, azken aldiz erabilia izan zeneko arrastoak ere aurkitu zituzten.
Adituen esanetan, Gizaburua trikuharriaren azken erabilera hori kremazio-erritu batekin lotuta dago, erraustutako giza hezurrak eta zeramikazko ontzi baten zatiak aurkitu baitziren bertan.
Gizaburua trikuharriaren azken erabilpen hori Azken Brontze Aroan edo Burdin Aroan (K.a. 1.200-700 urte) kokatzen dute adituek, trikuharri horretan garai hori baino lehenagoko piezak aurkitu badituzte ere.
Egingo diren hurrengo ikerkuntza lanen helburua trikuharriaren azpia arakatzea eta antzina beste erabilpenik eman zitzaion ezagutzea da, adituek uste baitute Neolito (4.500-2.500 urte k.a) eta Antzinako Brontze Aroen bueltan (2.000 urte k.a) koka litekeela aipatutako megalito hau.
Ikerketa eta indusketa lanak burutzeko boluntarioak behar dira. Interesatuek izena eman dezakete jtapia@aranzadi.eus helbidera idatziz edo 676 49 01 43 (Jesus Tapia) telefonora deituz.