Gizalegeari buruzko ordenantza
Gure herrian, beste askotan bezala, arazoak izaten dira pintadekin, graffitiekin, kartelekin, etxeko animalien gorotzekin, lurrera botatako zakarrekin, kontrolik gabeko publizitatearekin, kaltetutako hiri altzari eta haur jolastokiekin, zabor edukiontzien erabilera okerrarekin, legez kanpoko isurketekin eta antzeko kontuekin.
Hori horrela, Soraluzeko Udalak, gizalegezko portaerak sustatzea helburu duen parte-hartze prozesu bat jarri du abian, Alkarrekin Soraluze Eginez egitasmoaren barruan. Herritarrekin hainbat bilera egin nahi dira, denon artean gizalegezko gutxieneko portaerak zeintzuk izan behar duten adostu eta gizalege edo zibismoari buruzko ordenantza bat lantzeko.
Adosturiko arau hauek beste tresna bat izan nahi dute Soraluzeko herritar guztien bizi kalitateari kalte egiten dieten utzikeriazko jarrera eta jokabide arduragabeak zuzentzeko. Besteren artean, bide eta espazio publikoetan jokatzeko oinarrizko arau batzuk zehaztu nahi dira, pertsonen askatasuna ahalbidetzeko, eta herriko natur ondarea zein bizitoki dugun ingurua errespetatzeko eta zaintzeko.
Iñaki Rubio Jn.k zuzentzen duen Udaleko Obren eta Herriko Mantentze-lanen Batzordeak, beraz, aipatutako parte-hartze prozesuan parte hartzera eta datorren ostegunean, otsailak 2, arratsaldeko 7etan udaletxeko saio aretoan egingo den bileran parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.
Prozesuan parte hartu nahi duten herritarrek gaurtik aurrera eman dezakete izena udaletxeko idazkaritzan, 943753043 tel.ra deituz.
Animatu eta parte hartu, denon artean udalerri garbiago, atseginago eta hobea egin dezagun!