Gizarte larrialdietarako laguntzak gora

Gizarte larrialdietarako laguntzak gora

2021/03/22
Soraluzeko Udalak positiboki baloratzen du Eusko Jaurlaritzak 2021erako Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL) partida handitu izana; Soraluzek 81.663 euro jasoko ditu.

Soraluzeko Udalak positiboki baloratzen du Eusko Jaurlaritzak, zehazki Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak, 2021erako Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL) partida handitu izana.

2021erako GLLak ordaintzeko partidaren igoera 15 milioi eurokoa izango da, eta EUDELek (Euskadiko Udalen Elkartea) egindako eskaerari erantzuten dio. Patricia Borinaga Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazioko udal-arduradunak azaldu duenez, "Partida hori handitzeak esan nahi du Soraluzek aurten 81.663 euro jasoko dituela, eta horri esker udaletik arreta hobea eskainiko diegula pandemiaren ondorioz sortu diren gizarte-beharrei".

Borinagaren arabera, "GLLak funtsezko baliabidea dira gero eta maizago gertatzen diren egoera ekonomiko txarrek eragindako beharrizan pertsonal eta familiarrak prebenitzeko eta artatzeko, eta COVID19aren pandemiak larriagotu baino ez du egin".

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak urte osoan eska daitezke, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin hitzordua eskatuz, eta laguntza horiek emateko, gizarte-zerbitzuek larrialdi-egoera baloratu beharko dute, bai eta atal honetara bideratutako partidaren zenbatekoa ere.

Onuradunek baldintza orokor batzuk bete behar dituzte:

• Eskabidea egiten den unean Soraluzeko udalerrian erroldatuta egotea eta gutxienez 6 hilabeteko antzinatasuna izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
• Bizikidetza-unitate independente bat eratzea, eskaera egin baino urtebete lehenago, salbuespenak salbuespen.
• Adin nagusikoa izatea, salbuespenak salbuespen.
• Baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea.

GLLak hainbat kontzeptutarako eska daitezke, besteak beste:

• Etxebizitza alokatzeko gastuak.
• Etxebizitza mantentzeko gastuak, hala nola ura, zaborra eta estolderia.
• Argi- eta gas-gastuak

Horri buruzko informazio gehiago behar duten eta/edo beren egoera ekonomikoagatik laguntza hauen onuradun izan daitezkeela uste duten pertsonek Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri behar dute 943 75 00 56 eta 943 75 00 54 telefonoetan, eta hitzordua eskatu behar dute dagokien balorazioa egiteko.