"Gurpilen" egitasmoa
Soraluzeko Udalak herriko nagusien mugikortasuna hobetzeko asmoz, denbora gutxi barru proiektu pilotu bat ipiniko du martxan. Proiektuak GURPILEN izena dauka eta “ALKARRI” k (Zahartze aktiboaren sustapenerako eta menpekotasuna duten pertsonen gizarteratzeko elkarteak) kudeatuko du. Aurtengo ekain, uztail eta irailean aurrera eramango den proiektua izango da eta 3.382€-ko kostua izango du.
Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazioaren batzorde burua den Patricia Borinagak, proiektuaren nondik norakoak zeintzuk diren azaldu ditu “ Proiektuaren helburu nagusia, herri mailan pertsona nagusiek dituzten garraio beharrak eta horretarako beharrezkoa den konpainia aztertzea da”. Proiektu hau, “Alkarrekin Soraluze Eginez” herri partaidetza prozesutik eratorritako ekintza bat da, bereziki zahartzaro aktiboa jorratu zuen lan taldean duelarik oinarria. Gaur egungo Udal Gobernuak, proiektu interesgarria dela ikusi du, horrela, herri mailan mugikortasun aldetik etorkizunari begira dauden beharrak ebaluatu ahalko dira eta azterketa sakon bat egin ondoren eta datuak esku artean edukiz, erabakiko da beharrezkoa den ala ez udal garraio sistema iraunkor bat martxan ipintzea udalerrian.
Proiektuari, hasiera ekainean ematea nahi zaio eta herriko nagusientzat dohaineko garraio eta konpainia zerbitzu bat ipintzean nahi da ostegunetan (Plaza Zaharrean merkatua egiten dela kontutan izanda)
Zerbitzuaren ordutegia; 9:00tik-13:00arteko izango da , erabiltzaileen etxeetatik edo aurreikusitako elkartze puntuetatik hasita, Gila Zubiraino eta alderantziz. Printzipioz joan etorriak 2 txandatan burutuko dira.
Proiektu honetan parte hartu ahal izango dute 65 urtetik gorako pertsonek eta 60 urte beteak dituzten eta %33tik gorako desgaitasuna aitortua dutenek, bai eta garraio publikoa kolektiboak erabiltzea galerazten duen mugikortasun zailtasunaren baremoa 7 puntuan gainditzen dutenek.
Izena emateko epea maiatzaren 9tik 23ra arte dago zabalik, goizeko 9etatik 12:30era, Udaleko Ongizate Departamentuan.