Gurutze Gorriaren jostailu kanpaina
Aurreko urteetan moduan, Gipuzkoako Gurutze Gorriak jostailu-kanpaina jarri du abian Gabon jaien atarian, "Beraien eskubideak jokoan" izenburupean.
Kanpainaren helburua 4.000 jostailu berri lortzea da, ostean beharrean eta baztertze arriskuan dauden 1.600 haur eta neraberen artean banatzeko.
Soraluzeko Udalak, Osasuna, Gizarte Ongizate eta Inmigrazioaren Batzordearen bitartez, 750 euro bideratu ditu kanpainara, Gurutze Gorriak beharrean dauden herriko haurrentzat jostailu gehiago erosi ahal izan ditzan.
Era honetara, haurrek duten jolasteko eskubidea ahalbideratu nahi izan dute Udalak eta Gurutze Gorriak, haurren eskubideen kartak jasotzen duen eskubidea baita jolasteko eskubidea, baita haurrak modu egokian hazi eta garatzeko modua ere. Halaber, baloreen transmisiorako eta hezkuntzarako tresna moduan jostailuek duten garrantzia aldarrikatu nahi da.
Haurrei banatuko zaizkien jostailuak berriak izango dira eta ez dira ez sexistak ez eta belikoak izango.
Kanpainan lagundu nahi duten herritarrek Gurutze Gorriak Elgoibarko Usetxe kalea, 1 helbidean duen egoitzan entregatu ditzakete jostailuak, 943 743864 (Sonia) telefonora deitu edota elgoibar.social@cruzroja.es helbidera idatzi.