Hamabi peoi balioanitz kontratatzeko enplegu-deialdia kalteberatasun- edo bazterketa-egoeran dauden pertsonentzat
Soraluzen erroldatutako pertsonek izena eman ahal izango dute Soraluzeko udalak egingo duen kontratazio multzoan. Deialdia Lanbidek diruz lagundutako LARK 2025-2026 programan eta HERRILAN 2 proiektuaren baitan txertatzen da: peoi balioanitzak kontratatzeko enplegu-deialdia kalteberatasun- edo bazterketa-egoeran dauden pertsonentzat.
Baldintzak betetzen dituzten pertsonek Lanbideren Elgoibarko bulegoan eta online eman dezakete urtarrilaren 15era bitarte.
Hamabi peoiren kontratazioa
Hamabi peoi balioanitz kontratatuko dira sei hilabetez %75eko lanaldian eta 110 orduko prestakuntza-formakuntzarekin, lan-orduetatik kanpo, laneratzeko zeharkako edukiei eta arlo profesionaleko ezagupenei buruz. Hileko soldata konbenioaren araberakoa izango da eta aurreikusten da otsailaren 20an hasiko liratekeela lanean langile berriak.
Hauexek dira langileek bete beharko dituzten ezinbesteko baldintzak:
- Soraluzen erroldaturik egotea.
- Langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea.
- Zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-egoeran edo -arriskuan egotea.
- 2024ko deialdian ACTP-ko kontratatua ez izatea.
- Hiri lanetan (kanpoan, kalean) aritzeko osasun ezintasunik edo bestelako eragozpenik ez izatea.
Izen-ematea
Enplegu-formazio deialdian izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 15era arte. Horretarako bi bide egongo dira:
- Elgoibarko Lanbideren bulegoan, astelehenetik barixakura 8:30 - 14:00 bitarte.
- Online, Lanbideren webgunean.
Debemenen kontratazioa
Debemen, Debabarreneko landa garapen elkarteak ere peoi balioanitzak kontratatzeko enplegu-deialdia egin du kalteberatasun- edo bazterketa-egoeran dauden pertsonentzat: zortzi langile kontratatuko ditu Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba, Itziar eta Mutrikuko udalerrietako berdeguneak egokitu eta edertzeko, lorezaintzarako eta naturaren kontserbaziorako, besteak beste.
Urtarrilaren 27ra arteko epea dago izena emateko.
Informazio gehiago behar izanez gero, edo lan-eskaintzan izena emateko bi bide hauetara jo daiteke:
- Elgoibarko Lanbideren bulegora, astelehenetik barixakura 8:30 - 14:00 bitarte.
- Online, Lanbideren webgunera.