Harrera planari lotuta, Harrera orientazioa martxan jarriko da barixaku honetan; datorren astean berriz “Auzoko Elkarrizketak” ekimena egingo da
Urriaren 15ean aurkeztu zuen Udalak Soraluzeko harrera komunitarioko protokoloa eta Harrera Plana. Harrera plan honen helburu nagusia da Soraluzen harrera komunitarioa garatzeko tresna eta ibilbide-orri estrategiko bat eskaintzea. Elkarbizitza sustatzea xede duen proposamen honek ikuspegi integrala eta komunitarioa jartzen ditu erdigunean. Plan osoa eskuragarri dago webguneko Gizarte Zerbitzuen atalean, baita laburpena ere.
Horrekin batera, azaroaren 5ean egin zen harrera komunitarioarako mahaiaren lehen bilera, eragile eta herritar ugariren parte hartzearekin gainera. Bertan hainbat dinamika egin zituzten planaren garapenari begira eta 2027an egin nahi den ongi etorri saioa prestatzearekin ekin zioten.
Harrera orientazioa martxan jarriko da barixaku honetatik aurrera
Hasiera-hasieratik harrera integrala egitea garrantzitsu dela kontutan hartuta, harrera protokoloak hainbat pauso aurreikusten ditu, elkarbizitza erraztea helburu dutenak. Udaletxeko harrera gunean, lehen harrera deitutakoa, martxan dago jada eta protokolo honen bitartez, hori sendotzea izan da helburua harrera orientaziorako aurrez aurreko txandak emanez.
Harrera orientazioaren helburua iritsi berri den herritarrari ongi etorri gertukoa ematea eta orientazio pertsonalizatua eskaintzea da. Barixakuro emango da zerbitzu hau Kalebarren 8ko gela txikian, lehen harreratik bideratutako txanden bitartez. Elkarrizketa hauek harreragileek egingo dituzte (harrerako langileak, gizarte langileak eta hezkuntza teknikariak hurrenez hurren) eta ordubete inguruan etorri berriarekin elkarrizketa hurbileko bat izateko aukera emango dute. Entzute ariketa batetik abiatuz Soraluzeri, bertako zerbitzuei eta kulturari buruzko informazioa ere zuzenean emango zaie etorri berriei eta beharrezko deribazioak egingo dira bestelako gune, espazio eta zerbitzuetara.
Aste honetako txanda guztiak beteta hasiko du bere bidea zerbitzu berriak.
Auzoko elkarrizketak ekimena azaroaren 25ean
Pil-pileanek eta Udalak antolatuta, herriko hizkuntza eta kultura aniztasunari buruzko saio irekia egingo da azaroaren 25ean, goizez. Euskaratik gertu zein urrun dauden herritarrak gonbidatzen ari dira antolatzaileak, herriko errealitatea islatu dadin bertan.
Soraluzeko gaur egungo errealitatetik abiatuta desiragarria den etorkizuna irudikatuko dute bertaratutakoek, dinamika parte-hartzaileen bidez elkarren ahotsa entzun eta, denen artean, bidezkoagoa eta inklusiboagoa izango den herria eraikitzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, elkarrizketa modu eraginkorrean emateko, hainbat errealitatetako pertsonak beharko dira: euskararen normalizazio prozesuan interesa dutenak, gizartera aniztasuna eta aberastasuna ekarri dutenak, euskal hiztunak, beste hizkuntza batzuetako hiztunak, euskaratik gertu zein urruti daudenak...
Horregatik, eta elkarrizketa taldeak «herriko errealitatea ahalik eta modu zintzoenean ordezkatu dezan», herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia: «Aniztasuna hizkuntzaren ikuspegitik ere lantzea behar-beharrezkoa delako, elkarrengana hurbilduz eta bizipenak trukatuz». Beraz, Soraluzen bizi den edo bertan lan egiten duen edozeinek parte hartu dezake.
Lekua: Kalebarren 8
Parte hartu nahi izanez gero, esteka honetan eman behar da izena: Auzoko elkarrizketak
