"Harria" argazki-erakusketa

2021/10/19
Juan Antonio Palacios eibartarraren argazkiekin osatutako "Harria" erakusketa ikus daiteke kulturguneko erakusketa-gelan hilaren 30era arte; Juan Manuel Uriarenak dira testuak.

Kontrargi Argazkilaritza Kolektiboak antolatuta, Juan Antonio Palacios argazkilariaren erakusketa dago ikusgai urriaren 30era arte kulturguneko erakusketa-gelan.

Erakusketak "Harria" du izenburu moduan eta harrijasotzaileak harriarekin duen harremana jasotzen du argazkietan.

Erakusketa honen bidez "harri-jasotzearen inguruan argazkilaritza-lan berritzaile, artistiko eta sormenezko bat egiten saiatu dela" esan du egileak, "estetika eta kontzeptua izan direlarik sakondu dituen baloreak".

Argazkiekin irakur daitezkeen testuak Juan Manuel Uria poetarenak dira eta iruditik haratago irakurtzen lagunduko diote ikusleari, kirol honen misterioak eta harri-jasotzaileak harriarekin duen hartu-eman intimo hori hobeto ulertzen.

Erakusketako argazki eta testuak "Harria /La piedra" izenburuko liburuan jasotako batzuk baino ez dira. Liburua 2018an argitaratu zen eta erakusketan dago salgai, 20 euroan.

Erakusketa urriaren 30era arte dago zabalik, kulturguneko erakusketa-gelan, ondorengo ordutegiarekin: Astelehenetik ostiralera, 19:00-20:30; larunbatak, 12:00-13:30.