Haur eta nerabeen partehartzea
Soraluzeko Udalak hainbat parte-hartze saio burutu zituen iazko urtean lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleekin.
Saio horiek Udalak haurrei protagonismo handiagoa emateko eta beren iritzia kontutan gehiago hartzeko helburuz prestatzen diharduen egitasmo baten lehendabiziko urratsa izan dira.
Hori horrela, haur eta gaztetxoei herria hobetzeko zeuzkaten proposamenak egitea eskatu zitzaien; baita egin ere, zerrenda luzea egin zuten.
Behin proposamenak jasota, lehentasunak ezartzeko eskatu zitzaien eta 5.000 euroko diru-partida bat jaso zen aurrekontuetan haurrek lehenetsitako proposamen horiek aurrera eramateko.
Hiru gauza aukeratu zituzten haurrek:
- Frontoiko pintadak garbitzea.
- Frontoian eta PHIko patioan iturriak jartzea.
- Frontoiko jolasgunean sare bat jartzea baloiak beheko lorategira eror ez daitezen.
Aste honetan hasi da Udalak haurrek proposatutako lan hauek egiten, eta 5.400 euro erabiliko ditu zeregin horietan.
Frontoiko grafitien garbiketa-lanak HEMEN ikus daitezke.