Haurreskolako inskripzioa zabalik
Datorren astelehenean, urriak 9, amaitzen da Soraluzeko Haurreskolan izena emateko "Haurreskolak" Partzuergoak zabalik duen matrikulazio-epea. Orain izena ematen duten haurrak abendu, urtarril eta otsailean hasiko dira haurreskolan.
Haurreskolak 0 eta 2 urte bitarteko haur-eskola publikoak dira eta haien helburu nagusia familiei hezkuntza eta laguntza zerbitzu ematea da, 0 urtetik 2 urtera bitarteko haurren zainketa osoa eta hezkuntza kontuan hartuko dituena, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeko.
Soraluzeko haurreskolan 16 dira eskaintzen diren plazak, 8 plaza 0 urteko gelan eta 8 plaza 1 urteko gelan.
Azken urteetan jaiotze-tasak izan duen beherakadak eragin handia izan du haurreskolako ikasle-kopuruan. Gaur egun 5 haur baino ez dira zerbitzua erabiltzen dutenak.
Informazio gehiago Haurreskolan bertan, 943-751332 telefono zenbakian edo Haurreskolak Partzuergoaren triptiko informatiboan eskuratu daiteke.