Autobus geltokiari buruzko galdeketa

2019/02/08
Autobus geltokia non kokatu erabakitzeko herri-galdeketa loteslea egingo da otsailaren 11tik 17a bitartean; 16 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute bozka.

Atzoko Osoko Bilkuran autobus-geltokiaren kokapena erabakitzeko herri galdeketa egitea erabaki zuen Udalbatzarrak, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien aldeko bozkekin; EH Bildu abstenitu egin zen.

Herri galdeketa antolatzeko asmoa azaro bukaeran azaldu zuen lehen aldiz Gobernu Taldeak, Errabal kaleko urbanizazio lanen berri emateko herritarrekin egin zen batzarrean autobus geltokia tokiz aldatzeko proposamenak sortu zuen eztabaidarengatik.

Bilera hartan autobus-geltoki berria jartzeko kokapen egokiena Baltegieta kalea zela defendatu zuen Udal Gobernuak, Errabal kaleak ez zituelako autobus-geltoki batek behar dituen elementuak (eserlekuak, markesina...) instalatzeko gutxieneko baldintzak betetzen.

Bileran eman zen eztabaida ikusita eta, kontutan hartuta, bertaratutako asko geltokia Zubi Nagusian jartzearen aldekoak zirela, Udal Gobernuak, gaiaz hausnartu ondoren, herri galdeketa, loteslea, egitea erabaki zuen herritarrek erabaki dezaten zein den geltokirik egokiena.

Zein da galdera?

Herri-galdeketan honakoa galdetuko da: "Non nahi duzu kokatzea, Txurruken–Baltegieta zeharbidean, autobus geltoki nagusia?

Zeintzuk dira aukerak?

Herritarrek hiru aukera izango dituzte:

  • Errabal kalea: Gaur egungo tokian. Gune honetan ezin da ez eserleku ez eta markesinarik ipini, kalearen zabalerak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Beraz, gaur egun dagoen bezala geldituko litzateke eta ez luke inbertsiorik egitea eskatuko.
  • Zubi Nagusia: Betidanik geltokia ezagutu dugun tokian kokatuko litzateke. Horretarako gaur egun dauden lur azpiko edukiontziak kendu beharko lirateke, autobusak geratzeko tokia egokitu eta markesina eta argi puntu berria ipini. Lan hauek, 58.000 euroko kostua izango lukete.
  • Baltegieta kalea: Kiroldegi gainera igotzeko dagoen arrapalaren azpian kokatuko litzateke. Arrapalak berak estalpea emango lioke guneari eta bankuak ipinita daude jada. Espaloia egokitu beharko litzateke, autobusa sar dadin, eta gunea argiztatu. Lan hauek 9.000 euroko kostua izango lukete.

Noiz eta non eman daiteke bozka?

Herri-galdeketa otsailaren 11tik 17ra bitartean egingo da ondorengo ordutegiarekin:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara.

Tokia: Udal Idazkaritza (Udaletxeko 1. solairuan)

  • Larunbatean eta igandean: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Tokia: Pleno aretoa (Udaletxeko 2. solairuan)

Nork bozkatu dezake?

  • Udalerrian erroldatuta dagoen 16urtetik gorako edonork bozkatu dezake.

Soraluzeko Udaleko Gobernu Taldeak adierazi du "herri-galdeketa dela hainbeste heritarrei zerbitzua ematen dien autobus geltokiaren kokalekua erabakitzeko modurik garden eta demokratikoena eta, horregatik, hitza eman nahi diela hainbesteko garrantzia duen erabaki bat hartzeko garaian".