Herri galdeketaren balorazioa
Ondorengo hau da Soraluzeko Udal Gobernu Taldeak autobus geltokiaren kokagunea erabakitzeko antolatutako herri galdeketaren balorazioa eginez publiko egin duen idatzia:
"Lehenik eta behin, eskerrak ematea nahi dizkiegu astean zehar herri galdeketan parte hartu duten 920 Soraluzetarrei. Udal gaiak erabakitzeko herrian egin den lehen herri galdeketa izan da; eta, ikusi da, herritarrei aukera ematen bazaie, herritarrek erantzun egiten dutela. Argi adieraztea nahi dugu gaurkoan demokraziak irabazi duela.
Udal gobernu bezala, oso balorazio positiboa egiten dugu, 7 eguneko prozesua nola joan den ikusita. Egunero, herritarrek modu aktiboan parte hartu dute prozesu guztian zehar. Azkenean, herritarrek autobus geltokia Zubi Nagusian kokatzearen aldeko apustua egin dute.
Hauek izan dira emaitzak :
- Zubi Nagusian kokatzearen alde: 668 bozka.
- Errabalen Kokatzearen alde: 180 bozka.
- Baltegietan kokatzearen alde: 70 bozka.
- Txuriak: 1
- Baliogabeak: 1
Prozesuaren hasieran esan genuen bezala, bozketaren emaitza loteslea izango da eta etorkizuneko autobus geltokia Zubi nagusian kokatuko da.
Atzo amaitu zen herri galdeketak mugarri bat ezarri du Soraluzeko udal kudeaketan. Herritarrei, lehenengo aldiz, udal gaietaz erabakitzeko aukera eman zaie eta espero dugu praktika hau gelditzeko etorri izana eta ez izatea udalerrian egiten den azken herri galdeketa".