Herri partaidetza eta umorea garaile aurtengo Aratosteetan
Egun gizenez, estreinakoz, Galtzagorri txarangak eman zien hasiera 2026ko Aratoste jaiei kaleak musikarekin alaituz. Barixakuan herriko hainbat eragilek elkar hartuta lantzen duten Euskal Aratosteak herri proiektuaren txanda izan zen. Eguraldi eskasak eraginda, kalejirarik gabe, baina umorez eta kolorez betetako dantza-erakustaldia Plaentxi Herri Eskolako patioan ospatu zen. Ondoren, festari kalean eman zitzaion jarraipena Latuna Bando txarangarekin eta plaza-dantzekin.
Zapatuan berriz, zaparrada guztiei aurre eginez, plazentziatarren umore ona eta sormena gailendu zen. Herria mozorroz eta irudimenez bete zen Pertsonai eta gertaera historikoen gaiarekin lotuta. Amaitzeko, atzo, martitzena, herriko ume eta gaztetxoek gurasoen laguntzaz prestatutako dantzaldia eskaini zuten kiroldegiko frontoian. Buruhandi eta gaiteroen kalejiraren ostean, Ttiki-Ttaka taldearekin amaitu ziren aratosteetako jaiak.
Egunez egun, euripean dantza eginez, elkarrekin gozatuaz eta umore onari eskutik helduta aritu dira herritarrak, talentua sobran dagoela adieraziz.
Mozorro-lehiaketako saridunak
Zapatuko mozorro-lehiaketari dagokionez, sekulako maila erakutsi zuten herritarrek, epaileek ez zuten lan makala izan. Urtetik urtera, mozorro landuagoak ikusten ari garela azpimarratu zuen epaile lanetan aritutakoek. 26 taldek eman zuten izena lehiaketan; hortik hiru sari banatu zituen epaimahaiak eta beste bat herritarrek erabaki zuten.
- Herritarren saria: Astorautak
- Hirugarren saria: Salonazpitik Ameriketara
- Bigarren saria: Itzulera Kontzertua
- Irabazlea: Azken afaria
Udalak bihotzez eskertu nahi ditu soraluzetarrak egunok kolorez eta umorez zipriztindu izanagaitik, eta baita antolatzaile nahiz epaile lanetan aritu direnak ere, ederrak izan dira Aratosteak.