"Herri txiki" programa Soraluzen

2018/10/11
ETB-k urriaren 18an grabatuko du Soraluzeri eskainitako "Herri txiki, infernu handi" programa; saioa zuzenean ikusi ahal izateko azken gonbidapenak gaur goizean jaso ahal izango dira kiroldegian.

Bueltan da ETB1ek duen saiorik arrakastatsunetakoa, helduen artean ikusle daturik onenak lortzen dituena eta sare sozialetan oihartzuna duen euskarazko programa banaketakoa.

Herri txiki, infernu handi-k joan zen asteburuan hasi zuen bosgarren denboraldia eta denboraldi berrirako aukeratu dituen herrietako bat Soraluze izango da.

Programa telebistan noiz botako dute oraindik jakitera eman ez badute ere, grabatu hilaren 18an egingo dute, arratsaldeko 8etan Arane Kiroldegian.

Kiroldegian grabatuko dena aurrerago telebistan ikusiko den jendaurreko saioa da, Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duten show-a.  Bertan, aurrez herriko hainbat pertsonari grabatutako elkarrizketak ikusi ahal izango dira.

Saioren zuzeneko grabaketarako 300 ikuslerentzako aretoa prestatuko du ETBk kiroldegiko frontoian.

Sarrera doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da aurrez kiroldegiko harrera-gunean gonbidapena jasotzea.

Joan zen astean jarritako 200 gonbidapenak egun gutxiren buruan agortu zirenez, gonbidapen gehiago jarriko dira gaur goizeko 8:30ean herritarren eskura kiroldegio harrera-gunean.

Lege kontuak direla-eta, 16 urtez azpikoek ezin izango dute saioan parte hartu.