Herriaren sorreraren urteurrena

2018/10/22
Javier Elorza historialariak "Soraluze XV. mendean" izenburuko hitzaldia emango du asteazken honetan; herria sortu zeneko 675. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan antolatu da.

Soraluzeko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu udazken honetan udalerria sortu zeneko 675. urteurrena ospatzeko.

Soraluze 1343. urteko urriaren 15ean sortu zen, Alfonso VIII. erregeak herriaren sorrerako hiri-gutuna eman ondoren, Soraluze eta Erlaibiako herritarrek Algecirasko guduan eman zioten laguntzaren ordainetan.

"Plasencia" izena jaso zuen hasiera hartan herriak, laster "Placencia de Soraluce" izatera igaroz, XVIII. mendean "Placencia de las Armas" eta 1989an, azkenik, "Soraluze/Placendia de las Armas".

Aurten herria sortu zela 675 urte betetzen direla gogora ekartzeko hainbat ekintza antolatu ditu Udaleko Kultura Batzordeak eta, horietan lehena, Javier Elorza Maiztegi herriko historialariak emango duen hitzaldia da, "Soraluze XV. mendean" izenburukoa.

Javier Elorza historialaria da ikasketaz eta duela gutxira arte Udaleko langile eta bertako artxiboko arduraduna izan da. Lan ugari ditu argitaratuta, erdi aroko historiaz gehienak.

Hitzaldian garai hartako herribildua nolakoa zen azalduko du hizlariak, hirigintzari dagokionean jasan dituen aldaketak azpimarratuz eta harresien kokapena zehaztuz.

Hitzaldira bertaratzen direnek Javierrek berak XV. mendeko herribildua birsortu edo islatuz prestatu duen planoaren ale bat jaso ahal izango dute.

Hitzaldiaren ostean mokadu bat egiteko aukera izango da.

Izenburua: "Soraluze XV. mendean".

Eguna: Urriak 24, asteazkena

Ordua: 19:00 h

Tokia: Udaletxeko Saio Aretoa