
Herriguneko hainbat pintada garbitzen dihardute langileek egunotan, 2025eko udal aurrekontuek aurreikusten zuten moduan
Frontoi zaharreko eta eliza inguruko hainbat pintada garbitzen jardungo dute langileek egunotan; garbiketa lanok 2025eko udal aurrekontuetako hirigunea txukuntzeko partidaren baitan kokatzen dira.
Soraluzeko Udalaren 2025eko aurrekontuak hirigunea txukuntzeko hainbat ekintza aurreikusten zituen; horien artean kokatzen da, hain zuzen ere, eliza inguruko zein frontoi zaharreko pintadak garbitzea.
Lanok gaur, maiatzaren 27an, hasi dituzte, eta barixakura arte, maiatzaren 30era arte irautea espero da. Ferlan garbiketak enpresako langileak arduratuko dira lanez eta 2.610€ko kostua izango dute, gehi BEZ.
Txukuntasuna, guztion ardura
Soraluzeko Udalak herritarrei dei egin nahi die txukundutako eremuak zein herriko gainerako espazioak errespeta eta zain ditzaten. Izan ere, norbanako guztion ardura da eremu zainduak sortu eta mantentzea.