Hezkuntza Foroaren ikasturteko itxiera saioa egin da gaur, eguaztena, maiatzak 27, Soraluzeko hezkuntza eragileekin
Soraluzeko hezkuntza formal eta ez formaleko profesional, norbanako eta eragileak biltzen ditu Hezkuntza Foroak. Urtean hirutan batzen da Soraluze herri hezitzaile eta hezkuntza komunitate gisa dituen erronken gainean jarduteko.
Ikasturtean zehar egindako hiru saioen ostean, Soraluze Herri Hezitzailea prozesuaren baitan kokatutako Hezkuntza Foroak itxiera saioa egin du gaur, maiatzaren 27an, eguaztena.
Soraluzeko Udalak Herri Hezitzaileen egitasmoa sustatzeko eta herriko Hezkuntza Proiektua eguneratzeko pausuak eman ditu ikasturte honetan zehar. Horretarako, hezkuntzaren arloa modu zabalean lantzeko elkarlanerako marko bat osatu zen aurreko urtean, hezkuntza komunitateko eragile eta herritarrak protagonista dituena: Hezkuntza Foroa, hain zuzen ere.
Ikasturte honetan hiru saio antolatu dira; urtarrilaren 21ean lehenengoa, otsailaren 25ean bigarrena eta gaur, maiatzaren 27an, ikasturteko azkena.
Itxiera saioa
Azken saioan, ikasturtean zehar lan taldeetan egin dena partekatu da, datorren ikasturteko erronkekin batera. Horretarako, gaurkoan, hezkuntza komunitatetik aurrera eramateko hainbat ekimen lehenetsi dira. Bukatzeko, hezkuntza eragileei hitza eman zaie, eragile bakoitzak bere asmoak gainerako kideekin partekatzeko aukera izan dezaten.