Iban Urizar abeslariaren kontzertua

2021/05/07
Iban Urizar (Amorante) elgoibartar abeslariak kontzertua eskainiko du larunbat honetan Soraluzeko Herri Antzokian, Kultura Batzordeak antolatutako "Literatur loreak" zikloaren barruan.

Iban Urizar elgoibartarrak kontzertua eskainiko du larunbat honetan Soraluzen, "Bat edo hiru" bere azken lana aurkezteko.

Iban duela urte batzuk zendutako Jesus Urizar soraluzetarraren semea da, "Duo Plaentxi" talde ospetsuko kidearena.

Amorante han hemenka dabil 2014tik emanaldiak ematen eta musika sortzen. Herritik ateratzen den musika erabiltzen du helduleku bezala, errotik ateratzen dituen musika ezberdinen sustraiak gero erraietatik kantatuz.

Herritik, errotik eta erraietatik sortzen da amoranteren musika. Amorantek tronpeta jo dezake dena beltzez margotzeko, kopla bat autotunearekin abestu dezake osabaren ispiritua inbokatzeko, elektronikaz busti dezake aspaldi ahaztutako hitzak gogoratzeko. Bere musikaren jatorria urruneko oiartzunek dakarte, baina gaur egungo haizea darabil bere buru, eztarri eta ezpainetan.

"Bat edo hiru" diskoa

Bata edo hiru du izena Amoanteren disko berriak. Zazpi kantuk osatzen duten disko beltza da, iluna eta era berean, tristeziaren edertasuna dario diskoari. Iluntasuna hitzetan sumatu daiteke eta aukeratutako tresnak eta estetikak eragin zuzena izan dute diskoaren izaera ilun hori nabarmentzen.

Sarrerak "Iratxo" gozoki-dendan daude salgai, 5 euroan.