Igerilekua itxita konponketa-lanengatik

Igerilekua itxita konponketa-lanengatik

2019/06/07
Uztailaren 1etik aurrera itxita egongo da kiroldegiko igerilekua, sabaia konpontzeko egin behar diren lanengatik; abonatuek Eibarko Orbeako igerilekua erabili ahal izango dute.

Igerilekua itxita

Kiroldegiko igerilekuan sabaia konpontzeko egin behar diren lanak direla-eta, berau itxita egongo da uztailaren 1etik aurrerra; kiroldegiko gainontzeko instalazioek, aldiz, zabalik jarraituko dute.

Igerilekua itxita dagoen bitartean, Soraluzeko kiroldegiko abonatuek Eibarko Orbeako igerilekua - ez bertako gimnasioa- erabili ahal izango dute, goizeko 7:30etik 15:00etara, horretarako Soraluzeko kiroldegiko abonatu txartela erakutsi beharko dutelarik.

Abonatuek aukera izango dute, behin igerilekua zabaltzen denean, urteko abonuari dagokion zati proportzionala buelta diezaieten eskatzeko.

Soraluzeko igerilekua zabalik egongo den azken egunean, ekainak 29, larunbata, 13:00ak arte egongo da zabalik.

Igerilekua itxita dagoen bitartean, kiroldegiko gainontzeko instalazioen ordutegia 08:30etik 21:30ak artekoa izango da.

Aurrera eramango diren lanak

Kiroldegian egingo diren lanak ondorengoak dira:

  • Igerilekuko sabaiaren konponketa-lanak. Orion Reparación estructural, S.L enpresak burutuko ditu eta lanek 118.531,40 euroko kostua izango dute, gehi BEZ-a.
  • Igerilekuko hezetasun-kengailuaren zaharberritzea. Lan hauek TARTE, Koop. Elk. enpresari esleitu zaizkio, 49.795 euroan, gehi BEZ-a. Makina hau beharrezkoa da igerilekuko hezetasun maila kontrolatzeko, makinarik ezean igerilekua itxi egin beharko litzatekeelarik.

Kiroldegian egindako inbertsioak

Azken lau urteetan kiroldegiko eraikinean egin edo, oraindik egin gabe dauden arren, adjudikatu diren inbertsioak 881.674,94 eurokoak izan dira.

  • Kiroldegia handitzea, 562.000€.

  • Igerilekuko sabaia zaharberritzeko proiektua, 143.422,99€.

  • Hezetasun-kengailu berria, 60.251,95€.

  • Gazteleku berria, 45.000€.

  • Gaztelekuko sabaiaren konponketa lanak, 13.000€.

  • Ludotekaren anpliazioa, 12.000€.

  • Mantentze eta konponketa lanak, gimnasioko materialaren erosketa, emergentzia-plana, etb..., 41.000€.

  • Aire girotua, 5.000€.

Zerbitzuen kudeaketa

Azken legegintzaldian kiroldegiko eraikinean ematen diren bi zerbitzuen kudeaketa esleitu du Udalak.

  • Kirol-zerbitzuen kudeaketa BPX Sport Kirol Zerbitzuak S.L.U enpresari esleitu zaio, urtean 247.300 eurogatik.
  • Udal Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuen kudeaketa kudeaketa Pil-pilean Elkarteari esleitu zaio, urtean 98.722 eurogatik.