
Ikasturte amaierako ekintzak, udako gomendioak eta gogobetetze inkesta ekainean zehar Udal Liburutegian
Udal Liburutegiak ikasturte amaierako ekintza sorta antolatu du datozen asteetarako: Panpinen Pijama Festa, eLiburutegia eta eFilm erabiltzen ikasteko tailerra eta Liburutegia Kalera. Jarduerez gain, Udako irakurketak gomendio-sorta kaleratu du eta gogobetetze inkesta ere prestatu du, bere zerbitzua etengabe hobetzeko asmoz.
Ekintza guzti horiekin batera udako ordutegia estreinatuko du datorren astetik aurrera, ekainaren 16tik irailaren 15era arte, hain zuzen ere, eta goizez bakarrik egongo da liburutegia zabalik, astelehenetik barixakura 10:00etatik 13:00tara. Gainera, uztailaren 25etik abuztuaren 25era, oporregatik itxita egongo da.
Gogobetetze inkesta
Ikasturtea amaitzear denez, 2024-2025 ekitaldian zehar emandako zerbitzua eta antolatutako ekintzen balorazioa egiten dihardu Udal Liburutegiak, datorren ikasturtera begira hobetu beharrekoak kontuan hartzeko. Hori dela eta, erabiltzaileei eskatzen die gogobetetze inkesta bete dezatela, liburutegiaren zerbitzuak herritarren beharretara hobeto egokitu daitezen.
Inkestak anonimoak izango dira, eta betetzen duten erabiltzaileen artean liburu-sorta zozketatuko da.
Gogobetetze inkesta betetzeko, egin klik hemen.
Udako irakurketak gomendio-sorta
Uda-sasoiko irakurketa sustatzeko adin guztietarako gomendio-sorta prestatu du liburutegiak, batik-bat azken urteko nobedade azpimarragarrienek osatua, euskaraz zein gazteleraz idatzitako liburuekin.
Gainera, mailegu-epea luzatzeko aukera ere badago, eta ohiko 21 eguneko mailegu-epearen ordez, liburuak irailera arte hartzekoa; baita liburu gehiago hartzekoa ere, normalean hartu daitezkeenen bikoitza, sei liburu, hain zuzen ere.
Udako irakurketak eskuorria ondorengo lotura honetan kontsulta daiteke: Udako irakurketak 2025
Panpinen Pijama Festa
Ikasturteko ohiko martxa gutxitu egiten da liburutegian uda sasoiko hilabeteetan; are gehiago, haurrek eskolaz kanpoko ekintzak amaitu eta arratsaldez klaserik ez dutenean. Hori dela eta, haurren artean irakurzaletasuna zein literaturzaletasuna bultzatzeko eta udarako mailegua sustatzeko, Panpinen Pijama Festa antolatu da etxeko txikienentzat.
Gaur arratsaldean, ekainaren 10ean, martitzena, haien panpina kuttuna ekarriko dute haurrek liburutegira, festan handian parte har dezan: ipuinak ikusi eta entzungo dituzte, merienda goxoa jan eta guztiek batera egingo dute liburutegian lo. Hurrengo egunean, eguaztena, ekainak 11, umeak panpinaren bila itzuliko dira liburutegira eta hark aukeratutako liburua eramango dute etxera maileguan, elkarrekin ikusi eta irakurtzeko.
eLiburutegia eta eFilm tailerra
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak liburu digitalak zein filmak mailegatzeko doako plataformak dira eLiburutegia eta eFilm, hurrenenz hurren. Bi plataforma horiek erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu du Udal Liburutegiak ekainaren 18rako, eguaztena.
Liburutegian bertan ordenagailuak izango dira erabilgarri, baina parte-hartzaileek haien ordenagailua etxetik ere ekar dezakete, instalazio prozesua haien gailuan egin dezaten.
Liburutegia kalera
Uda-sasoiko mailegua sustatu eta Udal Liburutegiaren zerbitzuak ezagutzera emateko, liburutegia kalera irtengo da ekaineko eta uztaileko zenbait eguenetan, azoka eguna dela aprobetxatuz. Hori horrela, eguneko prentsa eta aldizkariak irakurtzeko aukera izango da, haur, gazte zein helduentzako udako gomendioak eta nobedadeak maileguan hartzekoa eta baita liburuuak itzultzekoa ere.
Liburutegiak Plaza Barrixan ipiniko du postua, udako ohiko ordutegian, goizeko 10:00etatik 13:00tara bitarte.