Indarkeria matxistaren aurkako adierazpena

Indarkeria matxistaren aurkako adierazpena

2018/11/23
Igandean, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna da; Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du eta igandeko elkarretaratzera deitu ditu herritarrak.

Ondorengo hau da Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Soraluzeko Udalak kaleratu duen adierazpen instituzionala:

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA 2018KO EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA DELA ETA

Urtero azaroaren 25ean erakunde, elkarte eta herritarrok kanpainak burutzen ditugu, emakumeek pairatzen duten indarkeriari aurre egiteko. Hala ere, indarkeria matxistak bizirik jarraitzen du eta gure gizarteak gainditu gabe daukan kontua da.

Gaur egun, azaroaren 25ero, eraildako emakumeak, jazarpenak, bortxaketak eta bestelako erasoak zenbatzen jarraitzen dugu, eta hori onartezina eta gizarteak jasan ezin duen zerbait da.

Aurtengo urtea “Manada” deituriko auziak markatutako urtea izan da, agerian utzi duelarik emakumeen bizitzako esparru guztietan indarkeriaren kultura dagoela presente eta emakumeak ahultasun egoeran daudela. Kultura honen oinarrian dauden arrazoi askoren artean pornografiaren kontsumoaren eta indarkeria sexualaren arteko harremana da aipatu beharreko bat.

Azaroaren 25 honetan, indarra jarri nahi dugu, berriro ere, herritarren eta erakundeen arteko elkarlanak daukan garrantzian portaera, jarrera eta komentario matxistak, esklabu sexualak, hiltzaileak, bortxatzaileak… deitoratu, arbuiatu eta isolatzeko.

Herritarren parte-hartze aktiboagoa behar dugu inoiz baino gehiago, eta legelariei, komunikabideei, enpresei eta gainerako eakundeei dei egiten diegu guztion artean indarkeria guztien aurkako sare sendoa osa dezagun.

Berriki, aktibistek eta bizirik irten direnek, baita #MeToo, #TimesUp, #BalanceTonPorc, #NiUnaMenos, #HollaBack eta #TotalShutdown bezalako ekimenek isolamendua apurtu eta mundo mailako oihartzuna izan dute.

Aurten Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunak “Margotu mundua laranja kolorearekin: #EntzunNiere” aukeratu du lelotzat. Dei egin nahi zaio gizarteari bizirik irten diren emakumeak entzun ditzan eta sinis diezaien, isiltasunaren kulturarekin bukatzeko. Biktimen sinisgarritasuna zalantzan jartzeari utzi eta erasotzaileari kontuak eskatu behar zaizkio.

Ahotsa goratu duten pertsonek erakutsi digute ulertzen nola sexu jazarpena gauza normala bihurtu den eta emakumearen bizitzaren ezinbesteko zati moduan justifikatzen. Orokortze horrek lagundu du sarri jazarpena zigorrik merezi ez duen garrantzia txikiko traba moduan ikusten. Horrela, kasurik krudelelenek baino ez dute merezi salaketaren bide gogor eta zailari ekiteko ahalegina. Bukatu behar den sorgin zurrunbiloa da.

Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak zera adierazten du Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean:

  • 2018. urtean jazo diren indarkeria matxista kasu guztiak eta bakoitza gogor arbuiatzen dituela.

  • Indarkeria matxistarekin amaitzeko beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa duela, gazteei zuzendutakoak bereziki, Korner Morea Transfeministak moduko emakume taldeekin eta talde feministekin elkarlanean, baita gizarte zibilarekin eta herritarrekin ere; gizarte osoak berdintasuna lortzeko eta erasotzaileak arbuiatzeko konpromisoarekin bat egin dezan ekintzak antolatzeko konpromisoa duela eta dei egiten diela erakunde publiko eta pribatuei indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatu daitezen.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak gizarteari dei egiten dio igande honetarako, azaroak 25, antolatu diren ondorengo ekintzetan parte har dezan:

  • #MeToo (Ant.: Korner Morea Transfeministak) egitasmoaren aurkezpena, 13:00etan Plaza Berrian. Ondoren, emakumeenganako indarkeriaren aurkako elkarretaratzea egingo da (Ant.: Korner Morea Transfeministak, Soraluzeko Emakumeen Topagunea eta Udaleko Parekidetasun Batzordea).

  • Beldur Barik lehiaketako sari banaketa, 18:00etan Herri Antzokian (Ant.: Korner Morea Transfeministak, Soraluzeko Emakumeen Topagunea eta Udaleko Parekidetasun Batzordea).

Argazkia: plaentxia.eus.