Indarkeria matxistaren aurkako eguna

Indarkeria matxistaren aurkako eguna

2023/11/24
Adierazpen instituzionala kaleratu du Soraluzeko Udalak Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean; larunbatean elkarretaratzea egingo da, eguerdiko 12:30ean, Plaza Berrian.

Ondorengo hau da Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Indarmeria Matxistaren aurkako Egunaren atarian adostu duten adierazpena:

"2003tik, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 121 emakume eta 12 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Aurten, haur bat eraila izan da  Lizarraldean, indarkeria bikarioaren aurpegi krudelena erakutsiz. Berarekin batera, memorian gorde nahi ditugu, 2023an zehar erail dituzten Maialen Mazon, Lourdes del Hoyo, Maria Begoña eta Zhen Jiang.

Azken erailketa matxista hauek hainbat kezka eta urgentzia mahai gaineratu dituzte. Lehena, babes protokoloen gainekoa da. Deskoordinazioak, babesaren kontzeptua eta emakumeengan jartzen den arduraren zama nabarmendu ditu. Bestalde, Indarkeria Matxistaren aurpegi anitzak eta emakumeak zauritzeko asmoz egiten diren bestelako agerpenek aurpegi gordinena erakutsi digute haur baten erailketarekin, indarkeria bikarioak haurrak zein haien amak biktima zuzen bilakatzen baititu.

Horregatik, azaroak 25 hau  indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen daudenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

Ildo berean, Eudelek bere adierazpenean egin bezala, azpimarratu nahi dugu sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela. Indarkeria mota hori ikusezinenetakoa eta normalizatuenetako da eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen du. Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Era berean, adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du.

Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.

Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.

Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garen aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak gara. Hori dela eta, Soraluzeko Udaletik konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
  • Biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
  • Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea.
  • Sentsibilizazio-programak garatzen jarraitzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako ahalduntze-jarduerak egiten jarraitzea.
  • Haur, gazte eta gizon helduei zuzendutako jarduerak abian jartzea, afektibitatea, harreman- eta maskulinitate-ereduak, rol sexistak gainditzeko eta parekidetasuna lantzeko estrategiak eta abar lantzeko.
  • Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin. Eta batez ere, mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduekin lankidetzan jardutea.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, larunbata, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, Plaza Berrixan 12:30etan egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezaten".

Antolatutako ekintzak