Indarrean da zibismoari buruzko ordenantza

2017/09/05
Bide publikoa nola erabili eta nola txukun eduki arautzen duen udal ordenantza abuztuaren 9an sartu zen indarrean, aurtengo otsailean hasi eta lau hilabetez luzatu den herri partaidetza prozesuaren ondoren.

Gure herrian, beste askotan bezala, arazoak izaten dira pintadekin, graffitiekin, kartelekin, etxeko animalien gorotzekin, lurrera botatako zakarrekin, kontrolik gabeko publizitatearekin, kaltetutako hiri altzari eta haur jolastokiekin, zabor edukiontzien erabilera okerrarekin, legez kanpoko isurketekin eta antzeko kontuekin.

Hori horrela, herritarrekin batera hausnarketa prozesua abiatu zuen Udalak urte hasieran, gizalegearen kontrakoak diren portaera hauen aurkako estrategiak adostu eta ordenantza bat prestatzeko.

Lau hilabetetan zehar beste horrenbeste bilera egin dira herritarrekin, eta denon artean gizalegezko gutxieneko portaerak zeintzuk izan behar duten adostu eta gizalege edo zibismoari buruzko ordenantza bat landu da.

Aipatutako lan-taldeak prestatutako ordenantza maiatzaren 10eko Osoko Bilkuran onartu zuen Udalbatzarrak, EAJ-PNV eta PSE-PSOE alderdien aldeko eta EH Bildu alderdiaren aurkako botoekin.

Legeak ezartzen dituen tramiteak amaitu ondoren, joan den abuztuaren 9an sartu zen indarrean ordenantza berria, Soraluze gizarte kohesionatuagoko herri garbia, zibikoa eta abegitsua bihurtzeko ahaleginean ezinbesteko tresna bihurtuko dena.

Ordenantza IKUSI.