Indusketa berria dolmenen ibilbidean

2020/07/06
Joan zen astean hasi ziren Aitzpuruko Zabalako dolmenaren indusketa-lanak. Jesus Tapia arkeologoa da indusketa honen gidaria, 6 bolondresen laguntzarekin.

Aitzpuruko Zabalako belar-sastraken garbiketarekin hasiko dira arkeologia lanak. Sabua eta Aitzpuru Zabalako trikuharriak ditu oinarri aurtengo indusketak. Indusketa honen helburuak aztarna arkeologiko berriak berreskuratzea, bi trikuharrien ezaugarri arkitektonikoak deskribatu eta dokumentatzea (hileta-kamara eta tumulua), eta hauek lehengoratzeko aukera aztertzea dira.

2012az geroztik Dolmenen Ibilbidean (Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa) egiten ari den ikerketa arkeologikoak bi helburu nagusi ditu. Batetik, informazio arkeologiko berria biltzea, Euskal Herriko zonalde honetako lehen artzain eta nekazarien bizimodu eta hilobi-ohiturei buruz gehiago jakiteko.

Bigarren helburua monumentuak xehetasunez dokumentatzea da, hauek, kontserbatu, zaharberritu eta ezagutzera emateko. Ikerketa, Aranzadi, Barandiaran eta Egurenen lan aitzindarietan oinarritzen da, baina ia 100 urte igaro ondoren, beharrezkoa da edukiak eguneratzea eta datu berriak zehaztasun handiagoz berreskuratzea, gaur egun ditugun baliabide teknikoekin dauden behar eta planteamenduak irizpide hartuta.

Indusketa, COVID- 19 protokolora egokitu da, beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatzeko.  Bestalde, osasun-krisiak ezartzen dituen baldintzak direla eta boluntarioen parte-hartzea murriztu behar izan da, eta aurreikusitako kupoa gaur egun beteta. Hala ere, parte hartu nahi dutenek Jesus Tapiarekin, indusketen zuzendariarekin, jar daitezke harremanetan, helbide honetan: jtapia@aranzadi.eus