"Irakurri, gozatu eta oparitu" kanpaina
Apirilaren 1a eta maiatzaren 31 artean dago martxan, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoaren 10. edizioa. Euskaltzaleen Topaguneak hamargarrenez abiatu du egitasmoa Pil-pilean Euskara Elkartearekin, Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearekin, Udal liburutegiarein eta herriko hainbat dendarekin batera.
Irakurketa sustatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, hiru horiek dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta horretarako prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:
- Irakurri. Lehnengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
- Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
- Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Bi hilabetez martxan egon ostean, maiatzaren 31n amaituko da, eta erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11rartekoa izango da.