"Irrien Lagunak" kluba
Soraluzeko Udalak "Irrien Lagunak Kluba"-rekin duen akordioari esker, herrriko lehen mailako ikasleek, hilero, dohainik, "Irria" aldizkaria jasoko dute urte honetan zehar.
Aldizkari hau haurrei eta gizarteari ”Irrien lagunak kluba”-ren baloreak transmititzeko eta klubaren proiektuan parte hartzeko helburuarekin sortutako euskarrietako bat da, irrienlagunak.com webgunearekin, Irrien Lagunak Aterpetxearekin, Irrien Gunearekin eta Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartearekin batera.
Irrien Lagunak Klubaren helburu nagusia, Euskal Herriko haurrentzat eta hauen hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta kolektibo guztientzat komunikazio proiektu sendo bat eratzea da, euskaratik eta euskaraz. Horretarako elkartu ziren, orain dela lau urte, “Berria” egunkaria, “Katxiporreta” pailazo taldea eta “Elkar” argitaletxea.
Haurrak dira klubaren ardatza, baina gurasoak, hezitzaileak eta hezkuntza zein gizarte eragileak ahaztu gabe, haurren hezkuntzaren ardura gizarte osoarena delakoan baikaude.
Irrien Lagunak Klubak hasieratik izan du ikuspegi hezitzailea, eta bere ardatza gure haurren isla diren Pupu eta Lore dira. Horiek denon artean hezi nahi ditu, haurrei ere balore zehatz batzuk erakutsiz; hala nola, euskara, aniztasuna, bizikidetza, berdintasuna, elkartasuna, partaidetza edota ekologia.
Aldizkariaren lehendabiziko alea datorren astean iritsiko da etxeetara.