Iruñeko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

Iruñeko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

2026/04/15
Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du igandean, apirilaren 12an, Iruñeko Sanduzelai auzoan (Nafarroa) emakume bat erail. Beste behin, aldarrikatu nahi du emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla.

Igande goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sandulezai auzoan, etxe bateko hirugarren solairutik amilduta. Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen, emakume horrengandik urruntzeko ezarria zioten agindua urratzeagatik.

Aurten, dagoeneko hiru hilketa matxista erregistratu dira Euskal Herrian; horrez gain, Irungo emakume bat ere hil zuen bikotekideak Zaragozan (Espainia). Hori gutxi balitz, duela astebete, Berrizen eraso matxista larri bat gertatu zen. Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina. 

2003tik, 136 emakume eta 13 ume hil dituzte gizonek Euskal Herrian. Datuek argi erakusten dute ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du azken hilketa matxisa honen aurrean.

Udalak azpimarratu nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela agerian uzten, eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean dagoela. Era berean, nabarmendu nahi du arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horregatik, gizarteari dei egiten dio, bere osotasunean, berdintasunaren aldeko borrokan bat egitera eta elkarrekin jardutera.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin. Hori dela eta, herritarrei dei egiten die, GAUR asteazkena, APIRILAren 15ean, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan parte hartzera.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus