Ispiluak puntu beltzetan

Ispiluak puntu beltzetan

2019/11/29
Soraluzeko Udalak, Udaleko Berdintasun Batzordearen eskariz, hiru ispilu jarri ditu aste honetan Alejrandro Calonge auzunean (bi) eta Atxuriko zubian (bat) dauden lurpeko pasabideetan.

Patricia Borinaga Udaleko Berdintasun Arloko arduradunak azaldu duenez, "Bi pasadizoak puntu beltz gisa identifikatuta zeuden udalerrian, eta ispilu horiek jarrita, emakumeentzako eta, oro har, herritarrentzako gune seguruagoak bihurtu nahi dira".

Batzordeburuaren esanetan, Berdintasun Arloaren helburuetako bat udalerriko puntu beltz deiturikoak pixkanaka desagertzen joatea da eta, horregatik, Udalak neurriak aztertzen eta hartzen jarraituko du emakumeentzat arrisku-faktore erantsia diren lekuak gure udalerritik desagertu daitezen.

Soraluzeko Mapa Moratua egin zenean, 2017an,  agerian geratu zen bezala, kaleak, plazak, parkeak eta abar pertsona guztiek erabiltzeko espazio publikoak dira, eta, beraz, espazio horietan, elkarbizitzarako agertoki nagusia baitira, segurtasuna, mugikortasuna, irisgarritasuna eta zaintza-lanak bermatu behar dira.

Udaleko brigadak instalatu dituen 3 ispilu horiek Azpeitiko Fundibide enpresak hornitu ditu, eta horietan egindako inbertsioa 1.190 eurokoa izan da (BEZa barne).