Jaietako Kartel Lehiaketa martxan da dagoneko; aurten ere, helduen zein haur eta gaztetxoen kategoriak izango dira
Urte luzez, Soraluzeko jaiak iragartzeko kartela haur eta nerabeen lehiaketaren bitartez aukeratu izan da. 2024an, ostera, hainbat urteren ostean, Soraluzeko Udaleko Kultura Batzordeak Helduen Jaietako Kartel Lehiaketa antolatu zuen berriz ere herriko jaiak iragartzeko afixa aukeratzeko, haur eta gaztetxoen lehiaketaz gain.
2024 eta 2025eko Helduen Jaietako Kartel Lehiaketak izandako arrakasta eta harrera ona ikusita, Kultura Batzordeak aurrerantzean ere lehiaketarekin jarraitzeko apustua egin du.
Kartel Lehiaketaren oinarriak
Lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonek 35x45 zentimetroko kartela aurkeztu beharko dute, herriko bizitzaren zenbait alderdiri buruzko alegoriak agertzen dituena, koloreak nahieran erabilita. Gainera, adimen artifizialarekin egindako lanik ez da onartuko. Pertsona-irudiak agertuz gero, emakume eta gizonezkoen presentzia orekatua adierazi beharko dute eta ezingo da sexu-diskriminaziorik islatu, inola ere. Kartelean "2026ko SORALUZEKO JAIAK. Uztailaren 24tik 26ra" jarri beharko da, egile bakoitzak egoki deritzon moduan.
Kartelak aurkezteko epea ekainaren 26an, eguerdiko 14:00etan amaituko da, eta Udaletxeko bulegoetan egin beharko da, euskarri gogorrean, sobre edo karpeta itxi batean, eta egilearen datuak adieraziz.
Kartel irabazlearen egileak 300 euroko saria jasoko du, eta lana udalaren esku geratuko da. Kultura Batzordeak saria eman gabe utzi edo aipamen bat edo gehiago egin ditzake, hala irizten badu.
Helduen Jaietako Kartel lehiaketaren oinarriak, hemen.
Lehiaketako kartelen erakusketa
Lehiaketara aurkeztutako kartelekin erakusketa bat antolatuko da Udal Kiroldegiko erakusketa aretoan ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitarte. Erakusketan, helduen lehiaketako kartelez gain haur eta nerabeen lehiaketako afixak ere izango dira ikusgai.
Sari banaketa ekitaldia, berriz, uztailaren 3an, arratsaldeko 18:30ean, izango da, erakusketa aretoan bertan.