
Jaso Burua Soraluzek Udalarekin elkarlanean, “Geuria Erabili Zeinke” kanpaina abiatu du herriko saltoki, taberna eta gune publikoekin batera
Geuria Erabili Zeinke ekimenera Soraluzeko 37 saltoki, taberna eta gune publiko batu dira dagoeneko. Kanpainan parte hartzen duten horiek, “geuria erabili zeinke” dioen pegatina berdea dute erakusgai, herriko ume eta gaztetxoek bertako telefonoa erabili ahal izan dezaten helduei deitzeko, beharra sortzen denean. Hartara, umeek ez dute zertan mugikor propiorik izan behar.
Geuria Erabili Zeinke kanpaina LH1etik aurrerako ume zein gaztetxoei zuzenduta dago, batik bat; 6 urtetik gorakoei, hain zuzen ere. Horiek baitira, erreferentziazko heldu gabe kalean bakarrik egon ohi direnak. Horrez gain, kanpainak funtziona dezan garrantzitsua da umeek buruz jakitea guraso edo tutoreen telefonoa.
Soraluzez gain, Gipuzkoako beste herri ugaritan ere martxan daude antzeko ekimenak, Gipuzkoako Altxa Burua elkartearen gidalerroei jarraiki.
Helburuak eta parte-hartzea
Hauexek dira kanpainak lortu nahi dituen helburuak:
- Umeei mugikorra erabiltzeko beharra murriztea.
- Haurrek espazio publikoa berreskuratzea eta erabiltzea: kaleak eta auzoak ezagutzea eta seguru sentitzea.
- Komunitateko kideen babesa, laguntza eta koordinazioa indartzea. Zaintza komunitarioa sustatzea.
- Helduentzako erreferentzia gehiago izatea; sare soziala indartzea.
- Umeei helaraztea guraso edo tutoreen telefono zenbakia jakitearen garrantzia.
Kanpainara oraindik bat ez diren saltoki, taberna eta zerbitzuek izena eman dezakete oraindik. Horretarako, Jaso Burua Soraluze elkartearekin edo Soraluzeko Udalarekin harremanetan jar daiteke, honako helbide elektroniko hauetara mezua bidaliz edo aurrez aurre:
- jasoburuasoraluze@gmail.com
- hezkuntza@soraluze.eus
- Udaletxeko harrera bulegoan, astelehenetik barixakura, 9:00etatik 14:00etara.