Joan den astean, martxoaren 4an, egin dituzte Haur eta Nerabeen Kontseiluen ikasturteko bigarren bilerak
Haur eta Nerabeen kontseiluak laugarren ikasturtez martxan dira, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzea dute helburu eta herriaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko beraien ikuspegia lantzen da bertan.
Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean lantzen dihardu Soraluzeko Udaleko Hezkuntza Departamentuak.
Osaketa eta funtzionamendua
Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.
Bi kontseilu daude: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsona inguruz osatuta dago eta urtean hiru bider biltzen da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratzen dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.
Kontseiluetan, ume eta gaztetxoez gain, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak, Udaleko Hezkuntza arduradunak eta Kukumixo Aisialdi taldeko kideek parte hartzen dute, gaiaren araberako beste teknikari edo kide batzuekin batera.
Ibaiaren lanketa nagusi, 1.kontseiluan
Abenduaren 15ean burutu zen haur eta nerabeen lehenbiziko kontseilua. Bertan, kontseiluaren azalpena eta udalaren osaketa azaltzearekin batera; Ibaiaren inguruko lanketa egin zen. Udalak egiten diharduen ibaiaren plan integralaren baitan haur eta gaztetxoen iritziak eta proposamenak batu zituen.

Berdintasunaren inguruko lanketa, 2.kontseiluan.
Joan den astean, berriz, martxoaren 4an, eguaztena, egin dituzte Haur eta Nerabeen Kontseiluko kideek ikasturteko bigarren bilera-saioak. Ikasturteko bigarren kontseilu honetan herriko jaiak izan dituzte hasieran hizpide eta ondoren gai nagusi gida, berdintasunaren inguruko lanketa egin zuten parte-hartzaileek eta Soraluzeko Udala lantzen ari den IV. Berdintasun Planarekin zuzenki lotu zen eztabaida. Ohiko kideekin batera, Farapi kooperatibako kideek parte hartu zuten planaren gidaritzan ari direnak.
