Jubilatuen Etxea aldi baterako itxita
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak jarraituz, Itxaropena Jubilatuen Etxea aldi baterako ixtea erabaki du Udalak, COVID-19 Koronabirusaren aurkako prebentzio neurri moduan.
Euskadin gertatu diren Koronabirus –COVID19– infekzio-kasuen ondorioz eta infekzio-kopuruak gora egingo duela aurreikusita, Osasun Sailak eta Osakidetzak udalen esku dauden adinekoen etxe eta klub gisa ezagutzen diren bilguneak ixteko gomendioa egin du.
Hori horrela, eta bertan elkartzen diren herritarrak babesteko xedez, Soraluzeko Udalak Itxaropena Jubilatuen Etxea aldi baterako ixtea erabaki du. Bilgunea, eta bertan eskaintzen diren zerbitzu guztiak, itxita egongo dira gaurtik hasita eta bestelakorik erabaki arte.
Goian aipatutako erakundeek jakinarazi dutenez, adineko pertsonek dute arriskurik handiena infektatzen badira, eta horregatik da garrantzitsua kolektibo honi begirako prebentzio neurriak modu berezian zaintzea.