
Katamarran ume-txokoak Soraluzeko Haurreskolarekin elkarlanean antolatutako "Mugak, noiz eta nola?" gurasoentzako hitzaldia, datorren astean egingo da
Katamarran ume-txokoa ekintza ugari antolatzen ari da azken aldian. Udazkeneko batzar orokorrean erabaki bezela, ume nahiz familientzako aisialdi eskaintza propioa sortzearekin batera, adin talde horretako gurasoentzako formazioa eskaintzeari ere ekin dio. Apirilaren 10ean eskaini zuen aurtengo ikasturterako antolatutako bi hitzaldiko zikloko lehena: Haurraren garapen psikomotorea. Saio arrakastatsua izan zen, eta 20 familia inguru elkartu ziren Kalebarren 8n Nahia Alkorta Elezgarai adituak esandakoak aditzera.
Hurrengo saioa, ostera, datorren martitzenean, maiatzaren 6an izango da: Mugak, noiz eta nola?
Katamarraneko familia bazkideei bakarrik ez, interesa duen herritar orori irekia da hurrengo hitzaldia ere eta doakoak izango da. Hala ere, izena eman beharko da parte hartu ahal izateko. Gainera, umeentzako zaintza zerbitzua eta itzulpen zerbitzua egongo dira behar dutenentzat, aurrez, izen-ematearekin batera eskatuz gero.
Mugak, noiz eta nola?
Eguna eta ordua: maiatzak 6, martitzena, 17:30ean
Lekua: Tolarekua Aretoan (Kiroldegia)
Hizlaria: Mireia Centeno Gutierrez; psikologoa eta psikopedagogoa da eta haur eta nerabeekin egiten du lan, hezkuntza arloan. Guraso eta hezitzaileentzako formakuntzak eskaintzen ditu, prebentzioan, hazieran eta hezkuntzan begirada jarrita eta haurtzaroarenganako errespetuan eta konfiantzan oinarrituz.
Hitzaldiaren nondik norakoak:
Mugak eta segurtasun emozionala izango ditu hizpide hitzaldian. Bizitzako lehen urte horietan, haurrek hainbat behar dituzte. Behar horien barruan, segurtasun afektibo-emozionala azpimarratu behar da. Alabaina, zailtasunak izaten dira askotan segurtasun emozional horren nondik norakoak ulertzeko, eta konturatzeko mugak ere segurtasun horren zutabe garrantzitsua direla. Ildo horretan landuko dira:
- Haurrek behar dituzten mugak vs helduek behar dituzten mugak.
- Noiztik jarri mugak.
- Zein muga jarri.
- Nola jarri mugak.
- Adibide praktikoak.
Izen-ematea
Izena eman nahi izanez gero, ondorengo galdetegia bete behar da: izen-ematea
Izen-ematearekin batera adierazi beharko da zaintza edo itzulpen zerbitzua behar izanez gero.