Kirol-orientazio zerbitzua martxan da berriro

Kirol-orientazio zerbitzua martxan da berriro

2025/09/26
Goazen Soraluze kirol-orientazio zerbitzua martxan da berriro udako oporraldiko etenaren ostean; ibilaldiak, tailerrak eta hitzaldiak antolatuko ditu ikasturtean zehar.

Duela bi urte jarri zen martxan Goazen Soraluze kirol-orientazio zerbitzua, patologiak dituzten zein patologiaren ez duten pertsona inaktiboei laguntza eman, euren bizitzetan jarduera fisikoa txertatu eta, horri esker, euren egoera fisikoa zein ongizate orokorra hobetzea helburu.

Soraluzeko biztanle ororentzat doakoa den zerbitzua da, bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokituz bizi ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzeko. Orientatzaileak erabiltzaile bakoitzaren behar eta lehentasunak aintzat hartuz, laguntza emango dio. bakoitzarentzako egokiena den jarduera identifikatuko du, programa bat proposatu eta elkarrekin jarritako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du.

Kirol-orientatzailea, Anje, astean birritan egoten da Arane udal kiroldegian, ondorengo ordutegian:

  • Martitzenak: 9:00 - 15:30
  • Eguenak: 9:30 - 12:00

Ibilaldiak, tailerrak eta hitzaldiak ere bai

Kirol-orientazio zerbitzuak jarduera fisikoa bultzatzeko ekimenak ere proposatzen ditu, ibilaldiak martitzenero, tailerrak eta hitzaldiak, esate baterako.

Ibilaldiak martitzenero egiten dira, ordu eta erdi inguruko iraupena izaten dute, eta edozein pertsonak egiteko modukoak izango dira. Ikasturtean zehar garun gimnasia tailerra ere egingo da eta baita gazteei zuzendutako elikadura osasungarriari buruzko tailer bat ere.