Kiroldegia handitzeko hitzarmena

Kiroldegia handitzeko hitzarmena

2019/04/16
Atzo sinatu zuten Soraluzeko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kiroldegia handitzeko lanak finantzatzeko hitzarmena; 250.000 euroko ekarpena egingo du Foru Aldundiak.

Apirilaren 10ean izandako Osoko Bilkuran, Udal Kiroldegia handitzeko proiektuari dagozkion baldintza-agiriak onartu zituen Udalak, modu horretan eraikina anpliatzeko prozesuari hasiera emanez.

Jakina den moduan, eraikinaren anpliazioak gaur egungo espazio-gabezia konpontzea du helburu eta 568.000 euroko kostua dauka, horietatik 250.000 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko dituelarik.

Aldundiaren diru-ekarpen hori ahalbidetuko duen hitzarmena atzo sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatu Denis Itxasok eta Soraluzeko Alkate Iker Aldazabalek.

Anpliazioa kiroldegi gainean dagoen 450m2 terrazan egingo da, bertan kirol jarduera desberdinetarako hainbat gela eraikiko direlarik.

Ondorengoak dira egingo den eraikuntza berriak izango dituen instalazioak:

  • Gimnasio berria, ibai alderako bistak izango dituena.
  • Spining gela berria.
  • Erabilera anitzeko espazioa.
  • Komunak.
  • Takillak.