Kiroldegiko abonatu kanpaina

2021/12/14
Udal Kiroldegiko abonatu-kanpaina jarri du abian Kirol Zerbitzuak; Gabonetan ohiko ordutegia izango du kiroldegiak, baina abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita egongo da.

Arane Udal Kiroldegiak datorren urterako abonamendu kanpaina jarri du abian. Abenduaren 15ean hasi eta 31n amaituko da abonamenduak berritu, aldatu edo eteteko epea.

Egun kiroldegiko abonatu direnei automatikoki berrituko zaie abonamendua, abenduaren 31 aurretik kontrakorik adierazten ez badute. Kuota helbideratu gabe dutenek abenduaren 31 baino lehen egin beharko dute abonua berritzeko ordainketa. Aldaketak ere egun horetarako jakinarazi beharko dira.

Abonamenduak berritzeaz batera, abonatu berriak erakartzeko kanpaina abiatu du egunotan Udaleko Kirolen eta Kiroldegiaren Batzordeak, kiroldegiko instalazio eta zerbitzuen berri ematen duen eskuorri informatibo berriaren banaketarekin.

Kiroldegiak gimnasioa, kirol eta spinning gelak, rokodromoa, igerilekua, frontoia eta padel-pista zerbitzuak eskaintzen ditu eta azken urteotako ikastaro-eskaintzari eusten dio.

Abonamenduak bi motatakoak dira: familiarrak eta indibidualak eta urte osorako zein sei hilabeterako kontratatu daitezke.

Tarifa murriztuaz gozatu nahi dutenek dagokion ziurtagiria aurkeztu behar dute abenduaren 31a baino lehen:

  • Langabetuak: Lanbideko ziurtagiria, langabezian dagoela adieraziz.
  • Ikasleak: 2021-2022 ikastutean ikasketak burutzen ari dela egiaztatzen duen ziurtagiria.
  • Familia ugari eta gurasobakarrak: 2020ko Errenta Aitorpenaren kopia 40.000 € ko kopurua gainditzen ez dela egiaztatuz (likidazio oinarri orokorra); Bizikidetasun-ziurtagiria.
  • Diru-laguntzen onuradunak: Diru-laguntza baten onuradun direla egiaztatzen duen ziurtagiria.

Abonu familiarrean 23 urtera arteko seme-alabak sartu daitezke, ikasten ari badira edo lanean ez badaude (bestela 21 urtera arte); beraz, adin hori baino gehiago dutenek abonu indibiduala egin beharko dute edo bajan emango zaie.

Ikusi HEMEN kiroldegiko zerbitzu, ordutegi eta prezioei buruzko informazioa.

Mugiment Kirol Txartela

Mugiment Kirol Txartelaren erabiltzaileek eskaera berritu behar dute 2022an txartela erabili ahal izateko, 2021eko abenduaren 31an bajan ematen baiira txartel guztiak. Alta-eskaera aplikaziotik egin behar da.

Edozein argibidetarako 943 752 466 telefonora dei daiteke.