Klima aldaketaren aurkako itzalaldia
Iaz moduan, WWF erakundeak klima aldaketaren aurka bultzatzen duen nazioarte mailako "Planetaren ordua" ekimenerakin bat egin du Soraluzeko Udala eta, honenbestez, larunbat honetan, martxoak 25, herriko zubietako argiak itzali egingo dira ordu betez.
Itzalaldiak, esan bezala, ordu beteko iraupena izango du. Gaueko 8:30etik 9:30era ilundu egingo dira herriko zubi garrantzitsuenak; ondorengo hauek hain zuzen ere: Oleako zubia, Zubi Nagusia, Gabolatseko zubia eta Mendiola industrialdeko oinezkoentzako zubia.
Ekimen horrekin erakutsi nahi da, besteak beste, berotze globalari aurre egiteko denok egin dezakegula eta egin beharko genukeela zerbait. Halaber, ingurumenarekiko konpromisoa adierazi nahi da eta klima aldaketaren kontrako neurriak hartzeko beharra dagoela aldarrikatu.