Kontrargiren 1989 eta 2008 bitarteko Argazki Rallyetako lanak gaurtik aurrera ikusgai daude erakusketa aretoan
Kontrargik antolatutako Argazki Rallya urtez urte errepikatzen den hitzordua da. Soraluzeko argazkilaritza kolektiboak ekainerako antolatutako erakusketan, 1989tik 2008ra bitarte egindako Argazki Rallyetako lanak izango dira ikusgai.
Ohiko formatuan, koloretan inprimatutako 35 argazkiz gain, garai horretako diapositibak ikusteko aukera ere izango dute erakusketara hurbiltzen diren herritarrek. Guztira, 62 argazki ikusi ahal izango dira inprimatuta zein diapositibatan, hainbat gairi buruzkoak: paisaiak, Gaztainerre, isladak. pertsonak, herriko txokoak, animaliak, ibaiko eszenak, abstrakzioak...guztiak 1989 eta 2008 artean hartutakoak.
Diapositibek garai hartan koloretako argazkigintzarekiko abantaila asko zituzten, batez ere estetika biziagoa eta koloretsuagoa. Gainera, irudiak nahi zen tamainan proiektatzeko aukera ematen zuten, eta, beraz, ikusle askorentzat edota irudi handiekin gozatzeko aukera ematen zuten.
Ezagun egin ahala, formatu egokia bihurtu ziren argazki-rallyetarako, erretratuak koloretara modu merkeagoan pasatzeko aukera ematen baitzuten, errebelatze uniformea ziurtatuz eta paperezko kopiarik atera behar izan gabe.
Ordutegia
Erakusketa ondorengo ordutegian bisitatu ahal izango da, erakusketa gelan:
- Astelehenetik barixakura: 18:30-20:00
- Zapatuak: 12:00-13:30
