Korrikaren 21. edizioa

Korrikaren 21. edizioa

2019/01/31
Apirilaren 13an iritsiko da Soraluzera euskararen aldeko lasterketaren 21. edizioa; Jose Luis Álvarez Enparantza, Txillardegi, euskaltzale eta hizkuntzalaria omenduko dute aurten.

Datorren udaberrian zeharkatuko ditu KORRIKAk Euskal Herri osoko bideak eta errepideak, apirilaren 4tik apirilaren 14ra bitartean, hain zuzen ere.

Garesen hasiko da aurtengo edizioa, eta Gasteizen amaitu, Euskal Herrian barrena bi mila kilometrotik gora egin ondoren.

Soraluzera apirilaren 13an, larunbata, iritsiko da KORRIKA, Bergaratik, arratsaldeko 2:29an.

"Klika" da aurtengo edizioarako antolatzaileek aukeratu duten leloa eta Jose Luis Álvarez Enparantza (Txillardegi), lasterketak aurten omenduko duen pertsona.

Zer da KORRIKA?

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Nork antolatzen du KORRIKA?

AEK-k antolatzen du Korrika. Euskararen berreskurapena eta Euskal Herria berreuskalduntzea xede dituen erakundea da AEK: euskara normaltasunez eta egunerokoan erabiliko duen jendartea eraikitzea, hain zuzen. Hori lortzeko, helduen euskalduntze eta alfabetatzea nahiz hizkuntzaren erabileraren alorrak jorratzen ditu: euskara-eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, kultur ekitaldien antolakuntza, euskara erabiltzeko praktika-jarduerak, lantegi eta erakundeen normalizazio-planen diseinu eta kudeaketa, itzulpengintza- nahiz zuzenketa-jarduerak eta euskararen aldeko kontzientziatze-kanpainak.

Nola parte hartu KORRIKAn?

Antolaketan parte hartuz:

Zure herrian edo auzoan eratuko den Korrika Batzordean parte hartuz.

Diruz lagunduz:

  • KORRIKA laguntzailea izanez eta 21. KORRIKAko materiala erosiz.

  • KORRIKAlarien peto edo bizkarrekoa erosiz, aurretiaz, AEKren edozein euskaltegitan zein KORRIKA dendetan, edo KORRIKA igarotzen den egunean bertan.

  • Herriz herri egingo den KORRIKAren aldeko diru-bilketan lagunduz, edo KORRIKAren izenean Laboral Kutxan zabalduriko kontu korrontean nahi den ekarpena eginez (ES70 3035 0072 02 0720037810)

  • Lekukoa familiarekin, elkartekideekin, lagunekin... eramanez eta ekarpena eginez.