Korrikaren 24. edizioa eta Korrika Kulturaleko ekintzak bihar hasiko dira
plaentxia.eus

Korrikaren 24. edizioa eta Korrika Kulturaleko ekintzak bihar hasiko dira

2026/03/18
Korrikaren 24. edizioak Euskal Herria zeharkatuko du Atharratzetik Bilbora, martxoaren 19tik 29ra bitarte; Soraluzetik martxoaren 28an igaroko da eta bihartik aurrera hasiko dira Korrika Kulturaleko ekintzak.

Korrikaren 24. edizioak bihar emango ditu lehen urratsak Atharratzen, eta ez du etenik izango 11 egun eta 10 gauez Euskal Herria zeharkatu eta martxoaren 29an Bilbora iritsi arte. Aurtengo omendua Errigora izango da, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarra, egin duen eta egiten ari den lanarengatik; halaber, Korrikak babesa adierazi nahi dio eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin.

Zer da Korrika

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da, AEK erakundeak bi urtean behin antolatzen duena. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

Edizioro aldatzen da ibilbidea, eta hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen diote korrikalariek elkarri; eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere. Lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Badator Korrika Kulturala

Soraluzetik martxoaren 28an igaroko da Korrika, iluntzeko 20:30ak aldera; Elgoibartik etorriko da eta Eibarrera jarraituko du. Aurreko egunetarako, giroa berotzen joatea xede, Korrika Kulturaleko egitarau oparoa antolatu du Korrika batzordeak.

Gaur arratsaldea, martxoaren 18an, eguaztena, euskara biziberritzeko AROA planaren aurkezpen ekitaldia egingo da eta jarraian, Korrikako petoen banaketa. Bihartik aurrera, berriz, Irakurri eta Gozatu kanpaina jarriko da martxan, euskarazko liburuak erdi prezioan eskuratzeko urteroko ekimena; aurtengo ekitaldian Estankoa eta Iratxo liburu saltokietan eskuratu ahal izango dira liburuak, martxoaren 19tik apirilaren 30era bitarte.

Horretaz gain, domeka honetan, martxoaren 22an, Ekain Txou artistak Hautsak harrotzen antzerki eta clown emanaldia eskainiko du familia guztiarentzat, umorea, jolasa eta zirkuko ukituak uztartzen dituena. Datorren astean, berriz, martitzenean, martxoaren 24an, Ixabel Agirresarobe kontalariak Patxi Putxi ipuin-kontaketa saioa eskainiko du lau urtetik gorako neska-mutikoentzako, gurasorik gabe gozatzeko. Ohi den moduan, udal liburutegian eta bibe.me atarian eskura daitezke bi emanaldietarako sarrera edo gonbidapenak, hurrenez hurren.

Kirolak ere izango du lekua Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan; izan ere, herriko pilotarien arteko pilota partidak egongo dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera Kiroldegiko frontoian.