Euskaltegien aldeko ekitaldia

2021/03/26
"Bultza euskaltegiak, bultza euskara" lelopean ekitaldia egingo du igandean, eguerdiko 12etan, AEK-k; erakundearen jarduna finantzatzeko dirua biltzeko kanpaina ere jarri du abian.

Domekan, Korrika amaituko litzatekeen egun eta orduan, ekitaldia egingo du Soraluzeko AEK-k "Bultza euskaltegiak, bultza euskara" lelopean.

Ekitaldiaren helburua euskaltegien aldeko bultzada kalean izatea da.

Ekitaldian, AEKren mezua irakurtzearekin batera, “Euskal Herrian Euskaraz” abesti ezaguna kantatuko da eta baita berariaz egun horretarako sortu den “Lekukoa mingaina” bertso-rapa ere. Horrez gain, marrazkilari batek mural sinboliko bat marraztuko du eta bertsolari batek ere kantatuko du. Ekitaldiaren amaieran, partaide guztiek talde-argazkia aterako dute.

Soraluzeko AEK-k aurreko edizioetan Korrikan parte hartu izan duten herriko eragileak gonbidatu ditu ekitaldira eta herritarrei ere dei egin die bertan parte har dezaten.

Dirua biltzeko kanpainak ere zabalik segitzen du. Korrika atzeratzeak “zuloa” eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi dute. Diru-ekarpena egin nahi duten herritarrek ondorengo helbidean egin dazakete: hemen.