
Lanbideren bidez hiru peoi balioanitz kontratatzeko enplegu-deialdia zabalik dago barixakura arte, urriak 24
Soraluzeko udalak hiru peoi balioanitz kontratatuko ditu udal brigadan zerbitzua emateko, lanaldi osoan eta lau hilabete eta erdiz. Lanbidek diruz lagundutako Hiri proiektua hobetzea proiektua gauzatzeko, 2025eko ekitaldirako Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen programaren babesean kokatzen dira kontratazio horiek.
Baldintzak betetzen dituzten pertsonek Kalebarren 8ko Enplegu Zentroan, Lanbideren Elgoibarko bulegoan eta online eman dezakete izena datorren barixakura bitarte, urriak 24.
Hiru peoiren kontratazioa
Langile berriak azaroan hastea aurreikusten da. Lan-deialdian izena emateko baldintza hauek bete beharko dira:
- Soraluzen erroldatuta egotea eskaintza hau argitaratu aurretik.
- Egoera fisiko ona.
- Langabezian egotea eta LANBIDEn izena emanda egotea hautagaitza bidaltzen den unean eta kontratua hasi aurreko egunean.
- Ezin izango dira kontratatu 2024ko ekitaldian Soraluze, Mendaro, Elgoibar, Deba edo Mutrikuko udalek enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdietan edo 2021-2027 EAEko EGF Plus Programaren esparruan kontratatu dituzten pertsonak.
Baldintza horietaz gain, positiboki baloratuko dira ondorengo ezaugarri hauek: euskararen ezagutza, peoi lanetan esperientzia egiaztatua izatea eta B motako gidabaimena izatea.
Izen-ematea
Enplegu-formazio deialdian izena eman daiteke dagoeneko, eta epea zabalik egongo da barixakura arte, urriak 24ra arte. Horretarako hiru bide egongo dira:
- Kalebarren 8ko Enplegu Zentroan, martitzen eta eguenetan 11:00 - 18:00 bitarte.
- Elgoibarko Lanbideren bulegoan, astelehenetik barixakura 8:30 - 14:00 bitarte.
- Online, Lanbideren webgunean.