LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

2018/05/17
LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, jendartea LGTBIfobiaren aurkako borrokan elkartasunak eta aliantzek duten garrantziaz ohartarazteko eta giza eskubideak aldarrikatzeko.

Aurtengo maiatzaren 17an 28 urte betetzen dra Osasunaren Mundu Erakundeak, urteetako borraren ondotik, homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuela.

Homosexualitatea gaixotasuntzat hartzea LGTBI komunitatearen aurkako biolentziaren adierazle askoren arteko bat baino ez da. Gaur egun, homosexualitatea gaixotasun moduan hartzen ez bada ere, biolentziak bere horretan dirau eta eskubide zibilen, bai eta giza eskubideen, arloko arazo bihurtu da.

LGTBI komunitateak gai bat aukeratzen du urtero maiatzaren 17aren bueltako ospakizunak ardazteko; aurtengo gaia ELKARTASUNA eta ALIANTZAK da.

Izan ere, ez dago borrokak modu isolatuan irabazterik. Guztion daukagu aliantzak sendotzen jarraitzeko beharra, kontua segurtasuna bermatzea denean batez ere, legean aldaketa lortzeko presio egitea edota kanpainak aurrera eramatea.

Ikuspuntu honek gogora ekarri beharko liguke gutxiengo diren sexu eta genero taldeetako kideen arteko elkartasuna oso garrantzitsua dela, talde jakin baten eskub¡bideak ezin direlako behar den moduan ziurtatu beste taldeen eskubideak zalantzan jarri gabe. Garrantzitsua da, era berean, gutxiengo diren komunitate hauek ahultasun egoeran dauden beste batzuekin aliantzak egitea (migratzaileak, txirotasunean bizi diren pertsonak, haur  nerabe zaurgarriak...).

Egun hau ospatzea aukera ezin hobea da urtero pertsona guztien giza eskubideak errespetatu behar direla aldarrikatzeko. Izan ere, zoritxarrez, LGTBIfobia presente dago gure gizartean, gure lantokietan eta gure ikastetxeetan.

Ezin garrantzitsuagoa da, hortaz, gure gizartea LGTBIfobiaren aurka borrokatzearen garrantziaz ohartarazten jarraitzea. Ezinbestekoa da LGTBIfobia gorroto modu zabalduena dela agerian uztea (2017an Euskadin era honetako 32 eraso jazo ziren) eta kontzientzia hartzea erasoak salatzeak daukan garrantziaz. Homofobia, lesofobia, bifobia eta transfobia desager daitezen oinarri-oinarrizkoa da aniztasunarekiko errespetua eta aniztasunaren normaltasuna sustatzea.

Garrantzitsua da, halaber, LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak egiten duten lana aitortzea, eurei esker ari delako gai ageriko egiten eta legitimitatea irabazten.

Soraluzeko Udalak badaki bazterketei aurre egiteko modua indarrak batzea dela, LGTBIfobiaren aurkako borroka guztion borroka delako.

Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak:

  • Sexu eta genero identitate mailako joeragatik inor baztertu, jazarri edo erasotzea salatzen du.

  • LGTBI pertsonen aurkako indarkeriari aurre egiteko protokoloa prestatuko du, LGTBI kolektiboarekin eta kolektibo feministarekin elkarlanean.

  • LGTBI ikuspuntua txertatuko du egoki izan litezkeen programa eta ekintzetan: hezkuntza, osasuna, aisialdia, haurtzaroa eta gaztaroa, pertsona nagusiak...

  • Herriko ikastetxeetan sexu eta genero aniztasunaren errespetuari eta sexu heziketari lotutako programak garatzen jarraituko du.

  • Pertsona homosexualen aldaketarako terapien aldeko jarrerak gaitzesten ditu eta jarrera hauek debekatzeko neurriak hartzea eskatzen die dagokien erakundeei.

Era berean, gaurko egunez Ondarroako Ekai nerabe transexualaren heriotza ekarri nahi du gogora, gizarte demokratiko eta garatu batek onartu ezin duen zerbait dela adieraziz eta berriz ere horrelako zerbait gerta ez dadin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Azkenik, Soraluzeko Udalak dei egiten die herritarrei gaur, arratsaldeko 7etan, Plaza Berrian egingo den kontzentrazioan parte har dezaten eta animatzen ditu Zubi Nagusiko zebra-bidea ortzadarraren koloreekin margotzeko larunbatean, goizeko 12etan, antolatu den ekitaldian parte hartzera.