LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

2020/05/15
LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da igandean; adierazpena kaleratu du Soraluzeko Udalak, gizarte inklusiboagoa aldarrikatuz, eta ostadar bandera jartzeko deia egin du.

MAIATZAren 17ko MANIFESTUA

LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

1990eko maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuen. Hortik aurrera, egun hau ospatzen da eta aurten 30. urteurrena betetzen da. Sentsibilizazio-, hausnarketa- eta salaketa-jardunaldi bat da, sexu-orientazioagatik, identitateagatik edo genero-adierazpenagatik pertsonen aurka egiten diren eraso fisiko, intelektual, moral eta diskriminatzaileak aintzat hartuta.

2020an, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinatuta gaudelarik, ezin izango gara kalera atera manifestatzera eta aldarrikatzera, baina, horregatik, salatu egingo ditugu sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoak eragindako erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; horietan, ILGA txostenaren arabera, sexu-orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du urtez urte ehunka LGTBI+ pertsona hiltzen direla.

Ezin dugu ahaztu, halaber, herrialde askotan LGTBI+ kolektiboak diskriminazioari aurre egin behar diola mediku-arreta jasotzeko orduan, Human Rights Watchek berriki dokumentatu duen bezala. Diskriminazio horrek hainbat gaixotasun kronikoren arretan eragin dezake, LGTBI+ pertsonek gaixotasun larriak izateko edo, COVID-19ren ondorioz, hiltzeko arrisku handiagoa izan baitezakete.

Era berean, indarkeriak gogorren jotzen duen trans kolektiboaren errealitatea azpimarratu nahi dugu. Mundu osoan trans pertsonen hilketek errealitate izaten jarraitzen dute. Eta, Europan zentratuz gero, oraindik 18 herrialdetan trans pertsonek esterilizatu egin behar dute eta 35 herrialdetan osasun mentalaren diagnostikoa jaso behar dute.

Kezkaz ikusten dugu, halaber, alderdi politiko jakin batzuen gorroto-diskurtsoa, ultraeskuinaren gorakada, LGTBI+ pertsonen aurkako erasoak areagotzen jarraitzea eta kolektiboaren ikusgarritasuna gizarteko sektore batzuentzat mehatxu izaten jarraitzea.

Soraluzeko Udalak Euskadi inklusiboa aldarrikatu nahi du maiatzaren 17 honetan, eskubideak lortzearen alde eta LGTBI+ kolektiboak jasaten duen diskriminazioaren aurka borrokatuko den Euskadi, aniztasuna eta berdintasuna oinarri hartuta bizikidetza bermatuko duena. Era berean, diskriminazio bikoitza jasaten duten eta estigmatizazio eta zaurgarritasun bereziko egoeran dauden LGTBI+ migratzaileak eta arrazalizatuak gogoratu nahi ditugu.

Gainera, uste dugu guztion zeregina dela, zeharka eta belaunaldien artean, gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzea, pertsona guztientzat erosoak eta inklusiboak izango diren espazioak sortuz.

Azkenik, konfinamendu-une berezi honetan, Soraluzeko Udaletik soraluzetarrei eskatzen diegu datorren igandean, maiatzak 17, beren balkoi eta leihoetan ostadar-bandera jar dezatela, elkartasunaren, erresistentziaren, itxaropenaren eta askatasunaren adierazpen gisa.