LGTBIQ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

LGTBIQ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

2018/06/28
Soraluzeko Udalak Erakunde Adierazpena kaleratu du gaur ospatzen den LGTBIQ Harrotasunaren Egunaren harira; “Berdintasunaren konkistan, gizartea TRANSformatuz" lelopean.

"Gizaki oro aske eta berdin jaiotzen da, nola duintasunean hala eskubideetan". Horixe da Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenaren lehendabiziko artikuluan jasotzen dena.

Ekainaren 28a Stonewalleko (New York) istiluak gogora ekartzeko ospatzen da eta eskubideak aldarrikatzeko eta aniztasunetik elkarbizitza eta errespetuaren alde egiteko eguna da; pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual, intersexual eta queers-en eskubideak aitorpen formala ospatzeko eguna, askatasuna, errespetua, aniztasuna eta askatasuna bezalako balio unibertsaletan oinarrituz.

Denbora honetan guztian, uka ezina da LGTBIQ kolektiboarentzako eskubideetan aurrera egin dugula; Osasunaren Mundu Erakundeak transexualitatea gaixotasunen zerrendatik atera izana da horren adibide. Hala ere, ezin dugu bistatik galdu LGTBIQ kolektiboak gauza askoren aurka egin behar duela borroka oraindik ere. Kontuan izan behar dugu LGTBIQ fobia gorroto-modu zabalduenetakoa dela eta 70 herrialde baino gehiagotan zigortuta dagoela genero joera, izaera eta adierazpen aniztasuna. Ez dugu ahaztu behar hainbat herrialdek heriotza zigorra aurreikusten duela LGTBIQ kolektiboarentzat.

Udalak gara, gertutasunagatik, herritarrek dituzten beharren lehendabiziko termometroa eta paper garrantzitsua betetzen dugu pertsona guztien elkarbizitza eta diskriminazio eza bermatzeko garaian, beren arraza, sexu, adin, jatorri edo sexu aukera edozein delarik ere.

Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak:

Giza eskubideekin duen konpromisoa berresten du; alegia, sexu aniztasunarekin duen konpromisoa eta sexu joera edo genero identitateagatik pertsonak ez baztertzearekin duena. Arlo honetan aurre pausoak eman direla onartzen du eta egun oraindik egon badauden oztopoak gainditzeko erabakimen irmoa agertzen du.

Lan egiten jarraituko du geroz eta gizarte errespetuzkoago, solidarioago, inklusiboago eta irekiago baten alde, non pertsona guztiek beren joera afektibo-sexuala eta genero identitatea askatasunean bizi ahal izango duten, non maitatzeko, desiratzeko eta izateko moduak ez diren diskrimanazio iturri izango.

LGTBIQ pertsonenganako erasoak, biolentzia fisiko zein hitzezkoa, umiliazioa eta gutxiespena gaitzesten dugu eta ondorengo konpromisoak hartzen ditugu:

1. Askatasun sexualen, berdintasunaren eta eraso matxista eta homofoboen kontra lanean diharduten Korner Morea bezalako elkarte eta kolektiboei bere laguntza eskaini.

2. Herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatu. I

3. Ekainaren 28ko ospakizunak ikustaraztera eman, hortzadarraren bandera eta "Ez itzazu diskriminatu eta mugatu izateko, egoteko, desiratzeko, maitatzeko… dauden modu desberdinak" leloa daraman pankarta udaletxeko balkoan zintzilikatuz.

4. LGTBIQ kolektiboa bistaratzeko geroz eta gune gehiago egokitu, eguneroko paisaiaren parte izan daitezen eta aldarrikapena urte osora zabaltzeko.

Azkenik, Soraluzeko Udalak LGTBIQ kolektiboaren defentsan eta askatasunean duen konpromisoa agertu nahi du eta dei egiten die herritarrei Korner Moreak, Soraluzeko Emakumeen Topaguneak eta udaleko Parekidetasun Batzordeak antolatuta gaur, arratsaldeko 7:30ean, Plaza Berrian egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.