LGTBQI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena, elkarretaratzea eta zineforuma

LGTBQI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena, elkarretaratzea eta zineforuma

2026/05/15
Adierazpen instituzional adostua kaleratu dute Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiek LGTBIQ+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, eta etzi, domeka, maiatzak 17, Plaza Barrixan elkarretaratzeko deia egin dute. Horrekin batera, "Maspalomas" filmaren proiekzioa emango da domekan Zineforum feministaren baitan.

Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute LGTBQI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperetan eta antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Adierazpen instituzionala

Maiatzaren 17an, LGTBIQ+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Data honekin gogora dakarkigu 1990ean Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela; giza eskubideen eta aniztasunaren aitortzan mugarri izan zen erabakia. Harrezkero, egun hau sexu orientazio, genero identitate eta genero adierazpen guztien errespetua eta berdintasuna aldarrikatzeko erreferentziazko eguna bihurtu da.

Azken hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira legeetan zein gizarte mailan, eta gero eta gehiago dira askatasunez bizitzeko eskubidea defendatzen duten ahotsak. Hala ere, 2026 honetan ere, LGTBIQ+ pertsona askok diskriminazioa, mespretxua eta indarkeria pairatzen dituzte egunerokoan. Sare sozialetan zabaltzen diren gorroto mezuak, eraso fisiko eta hitzezkoak edo lan eta hezkuntza esparruetan gertatzen diren bazterkeria egoerak oraindik errealitate dira.

Bereziki kezkagarria da azken urteotan gorroto diskurtsoek eta jarrera intoleranteek izan duten gorakada. Horrek agerian uzten du oraindik ere pertsona askok ezin dutela beren identitatea edo sexualitatea askatasun osoz bizi, beldurrik gabe. Horregatik, ezinbestekoa da erakundeek, hezkuntza komunitateak eta herritarrek elkarrekin lanean jarraitzea berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko.

Hori dela eta, Soraluzeko Udala osatzen dugun talde politikook LGTBIQ+fobiaren aurkako konpromiso irmoa berresten dugu. Aniztasuna aberastasun kolektiboa dela defendatzen dugu, eta pertsona guztien duintasuna eta eskubideak bermatzeko lanean jarraituko dugu, inolako diskriminaziorik gabe.

Era berean, Soraluzeko Udalak lanean jarraituko du herri inklusiboago, bidezkoago eta seguruago bat eraikitze bidean, non pertsona guztiek, beren sexu orientazioa edo genero identitatea edozein dela ere, askatasunez eta segurtasunez bizi ahal izango duten.

Azkenik, Soraluzeko Udalak herritar guztiei LGTBIQ+fobiaren aurkako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten die. Soraluzen maiatzaren 17an, domeka, 13:00etan, Plaza Barrixan egingo den elkarretaratzean, plaza betez bereziki.

Maiatzaren 17an zein urteko egun guztietan: “LGTBIQ+fobiaren aurka, tinko eta ozen!”

Zineforum feminista: "Maspalomas"

'Maspalomas' Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga gipuzkoarrek zuzendutako euskal film dramatiko hunkigarria da, Vicente (José Ramón Soroiz) 76 urteko gizonaren bilakaera emozionala kontatzen duena. Gran Canariako Maspalomas eta San Agustín inguruko duna eta txoko eguzkitsuetako bizitza aske eta irekia utzi, eta iktus baten ondorioz, Urduña eta Gipuzkoako zahar-etxe bateko giro kontserbadorera itzuli behar du protagonistak. Ingurune berri horren beldurrez bere homosexualitatea ezkutatu eta "armairura itzultzea" erabakitzen duen gizonaren istorioa kontatzen du pelikulak.

Moriarti Produkzioak eta Irusoin etxeek ekoitzitako Maspalomas (2025) euskal filmak oihartzun handia lortu du zinemagintzan. Pelikularen ibilbideak hainbat aitortza garrantzitsu jaso ditu zinemaldi nagusietan: Jose Ramon Soroizek aktore protagonista onenari sariak irabazi ditu Donostiko zinemaldian zilarrezko maskorra irabaziz eta Goya Saria jasoz, horrez gain Sebastiane Saria ere jaso zuen filmak LGTBIQA+ errealitatea bikain islatzeagatik eta nazioartean Frantziako Les Arcs zinemaldian Premio Andrea D'Aquino Cineuropa saria bereganatu zuen.

Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2025
Iraupena: 115 min.
Hizkuntza: Euskaraz (Gaztelaniazko azpitituluekin)
Gomendatutako adina: 16 urtetik aurrera

Trailerra