Mari Domingi eta Olentzerori ongietorria

Mari Domingi eta Olentzerori ongietorria

2023/12/22
Mari Domingi eta Olentzero igande honetan, goizeko 11etan, helduko dira herrira; Plaza Berriko ongietorriaren eta kalejiraren ostean, kiroldegian jasoko dituzte haurren eskutitzak.

Urteroko legez, abenduaren 24an, igandearekin, helduko dira gurera Olentzero eta Mari Domingi.

Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera

Goizeko 11etan egingo zaie harrera, Plaza Berrian, Pil-pilean Euskara Elkarteak, Kukumixo Aisialdi Taldeak eta Udalak antolatutako ongietorri ekitaldiaren bitartez.

Ekitaldian, Mari Domingi eta Olentzerorekin batera, Graxiana Sorginak, Galtzagorri bihurriak eta herriko eragile ezberdinek hartuko dute parte, Urrats Dantza taldeko kideak, txistulariak, Musika eskolako trikitilari eta panderojoleak, irrintzilariak, txalapartariak, Atxolin Guraso Elkarteko kideak, Kukumixoko hezitzaileek eta Gaztelekuko gaztetxoak, besteak beste.

Behin Plaza Berriko ongi-etorria amaituta, idiek gidatutako gurdian igoko dira Olentzero eta Mari Domingi, trikitilarien doinuan herrigunea zeharkatzeko (Ezozibideko biribilguneraino eta buelta berriz Zubi nagusira). Bidean zehar, gune ezberdinetan, gabon kantak abestuko dituzte, Galtzagorriek gidatuta eta trikitilarien musikaz lagunduta. Antolatzaileek herritar guztiak, haur zein helduak, gonbidatu dituzte kalejiran parte hartzera, haurrak lehen lerroan eta helduak atzetik.

Behin kalejira amaituta, gutun jasoketa egingo dute kiroldegiko frontoian. Haurrak, txikienetatik hasita, eta adinka, gutunak ematera hurbilduko dira Olentzero eta Mari Domingirengana eta bueltan oparia jasoko dute.

Itxaronaldia eramangarri eta gozoagoa egite aldera, jolas ezberdinetan aritzeko aukera izango dute haurrek frontoian bertan, Kukumixo Aisialdi Taldekoen gidaritzapean.

Horrez gain, txorizoa, salda eta edatekoa ere izango da bertan, Kukumixoko kideen eskutik.

Olentzero eta Mari Domingiren txabola

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere Olentzero eta Mari Domingik Plaza Berriko txabolan hartu dute ostatu.

Aipatu txabola, hori ere tradizio da dagoeneko, gai ezberdin baten bueltan apaintzen da urtero. Gabonetako lan-taldeak eta Udalak elkarlanean aurtengorako aukeratu duten gaia NATURA JOLASGUNE izan da eta egurrezko txirrista, mendiko adarrekin osatutako tippia, eta enborrekin eta hondarrarekin egindako jolasgune bana jarri dituzte bertan.

Halaber, txabola barruari indarra eman nahi izan zaio aurtengoan eta Olentzero-Mari Domingiren eskuetan urte ezberdinetan antolatzaileek argitaratu diren ipuina eta Soraluzeko kantuen cd-a jarri dira.

Azken urteotan egon diren bandalismo eta gunearen aurkako eraso-ekintzak saihestu edo gutxitzeko asmoarekin, txabolaren leiho eta ateetan egurrezko tapak ipini dira eta egunero zabaldu eta itxi egiten dira.

Horretaz gain, plazan jolasean ibiltzeko aukera egon dadin eta irisgarritasuna bermatzeko xedez (batez ere Iratxo dendarako pasabide lisoa uzteko asmoz) txabola atzerago kokatu da eta txabola inguruaren egitura moldatu egin da, gaztain saltzailearekin Iratxo dendako jabeekin adostuta.