Memoriaren Eguna

Memoriaren Eguna

2017/11/10
Memoriaren eguna dela eta, Adierazpen Instituzionala kaleratu dute Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek, biolentziaren ondorioz dauden biktima guztien omenez.

Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna ospatzen da.

Egun hau 2010ean hasi zen egun hau ospatzen egutegian dagoen heriotzarik gabeko egun bakarrenetariko bat delako.

Egun honen harira, Adierazen Instituzionala kaleratu dute Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor diegu egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea.

Bide horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da lubakiak iraganean utzi eta adostasuna izatea abiapuntua, bai eta gai honen inguruan lubaki horietatik urteetan zehar egin den erabilera politikoa eta mediatikoa ekiditea ere. Soraluzeko udaletxean ordezkaritza dugun talde politiko guztiok konpromisoa hartu dugu lan hori egiteko, eta beraz, era diskretu eta lasaian hausnarketa prozesu batean murgilduta gabiltza.

Iraganari buruzko interpretazio ezberdinak ditugu, baina argi daukagu egindako mina aitortuz eta giza duintasunaren eta giza eskubideen errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik eta aurretik dagoela onartuz jarriko ditugula etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak eskatzen dituen oinarri sendoak. Minaren aitorpenean eta duintasunaren errespetuan sakontzeko, enpatiadun autokritika beharrezkoa dela uste dugu.

Soraluzen bakea, giza-eskubideen kultura eta bizikidetza sustatzeko konpromisoa berresten dugu horrela, eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak gogoan izanik, ezberdinon arteko elkarrizketa zintzoaren bidez biktima gehiagorik egongo ez den etorkizun justuago horretatik hurbilago egongo garela da gure itxaropena.