Merkatal establezimenduen euskalduntzea

2018/07/24
Soraluzeko Udalak herriko establezimendu komertzialen hizkuntza diagnostikoa egin du; euskararen erabilera handitzeko planak prestatzeko erabiliko da jasotako informazioa.

Soraluzeko Udalak urteak daramatza lanean herritarrek beren eguneroko bizitzan euskara geroz eta gehiago erabil dezaten.

Herritarren eguneroko zeregin horietan paper garrantzitsua jokatzen dute herriko saltoki eta tabernek, gutxi ala asko denok daukagulako harremanen bat herriko dendariekin.

Hori horrela, duela urte batzuk EUSKARA MERKATARITZARA izeneko progra jarri zuen martxan Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak, establezimendu komertzialetan euskarak duen presentzia handitzeko helburuarekin.

Orain, egitasmoari bultzada berri bat emateko asmoz, bere garaian egindako diagnostikoa eguneratzea erabaki du Udalak, herriko establezimenduetan euskarak duen egoera hobeto ezagutzeko eta informazio horretatik abiatuz plangintza berria eta egokitua prestatzeko.

Aste hauetan ARTEZ Hizkuntza Zerbitzuak enpresako langile bat denda eta tabernak bisitatzen aritu da, aipatutako diagnostikoa osatzeko informazioa jasotzen.