Mesedeetako jaiak asteburuan ospatuko dituzte egitarau oparoarekin

Mesedeetako jaiak asteburuan ospatuko dituzte egitarau oparoarekin

2026/09/18
Gaurtik domekara bitarte, irailaren 18tik 20ra, ospatuko dira Mesedeetako jaiak Errekalde auzoan.

Beste behin egitarau oparoa antolatu du Mesedeetako jai batzordeak asteburu honetan ospatuko diren jaietarako.

Jai batzordeak ahalegin berezia egin du aurtengoan ere herriko talde eta artisten parte hartzea bermatuz osatzeko auzoko jaiak: Kukumixo aisialdi taldeak, Soraluzeko dantza eskolak eta Urrats dantza taldeak, Trujen eta Estrujen DJ bikoteak eta Konbo Itxaropenak. Aurten estreinekoz Ozezi eta Olaondo erraldoiak eta hauen inguruan osatu den erraldoien konpartsak ere parte hartuko du jaietan.

Kontzertu aldetik ere eskaintza anitza eta aipatzekoa antolatu dute: EH Sukarra, Duo Amanecer rantxerak, Ahantzi erromeria taldea, besteak beste. Adin guztietarako ekintzaz beteta dago goizetik hasi eta gauera bitarte.

Udalak 4.000 euroko dirulaguntza eman dio Mesedeetako jaien antolaketan jardun duen auzotarren elkarteari. Horretaz gain, ospakizunen funtzionamendu onerako azpiegitura, garbiketa eta komunak jartzeaz ere arduratuko da.

Soraluzetar orori Errekaldeko jaietara hurbiltzeko dei egin nahi dio udalak, eta antolatutako ekintzetan zein jai-giroan errespetuz eta alaitasunez jarduteko. Eskerrak eman nahi dizkio, halaber, Mesedeetako jai batzordeari adin eta gustu guztietarako, berritasunez betetako egitarau osoa antolatzeagatik eta urtez urte auzoko jaiak antolatzeko egiten duten lanagatik.